Plazan, kalean edo etxeko balkoi zein leihoetan, gaur gaueko hamarretan argi guztiak itzali eta lapikoak eta kazolak jotzera animatu dira herritarrak. Horren aurretik, mobilizazioak ere deitu dira hainbat herritan 19:00etarako.
Arrasaten, Udal langileek biltzarra egingo dute 11:15ean, Kataluniaren egoera aztertzeko. Ostean, kalera irtengo direla jakinarazi dute. Horretaz gain, 22:00etako cassolada-ren eta itzalaldiaren aurretik, Kataluniari elkartasuna adierazteko 19:30etan mobilizatzeko deia egin da Arrasaten.
Domekan debagoiendar asko kalean
Urriaren 1ean, Kataluniako erreferendumari babesa erakusteko cassolada-k egiteko deialdia egin zen Euskal Herrian. Debagoienean herritar asko irten ziren kalera edo leihoetara zartagin eta kazolak astintzera. Katalunian, azken asteetan, egunero-egunero irteten dira katalan ugari kalera, minutu luzez lapiko-jotzeak egitera. Egunak aurrera joan ahala cassolada-k gero eta luzeagoak dira, eta lekukoen hitzetan, domekakoa Bartzelonan, orain arteko luzeena izan zen.
Argazkia: El Periódico