AHTren 'Bergarako korapiloa' aurrera doa

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ira. 29a, 14:34

Bergarako lotunea.

Bergarako korapiloaren lehenengo zatiaren desblokeoa iragarri du Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak -Arrasate-Elorrio-Bergara-, Euskal Herrira egindako bisitan. Datozen astetan erabakia BOEn argitaratuko dela aurreratu du ministroak.

Atzerapen handiak izan ditu Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak Bergarako loturan. 2016ko abenduan, Bergarako korapiloari bultzada bat emateko batzartu ziren Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua, eta Iñigo de la Serna, Espainiako Sustapen ministroa. Bilera horren osteko agerraldian, Bergarako lotuneari irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen De la Serna ministroak.

Orain, Espainiako Sustapen ministroak jakinarazi duenez, urrats "erabakigarria" eman da eta Bergarako loturako lehen zatiak aurrera egingo du. Adif-eko admistrazio-kontseiluak Bergarako loturaren lehenengo zatia onetsi duela esan du De la Sernak, eta "datozen asteetan" ministro kontseiluak lizitazioa onartuko duela aurreratu du. Bergarako loturaren desblokeoa ekarriko du erabaki horrek.

Lehen zatiak 5,1 kilometro izango ditu -gehiena lurpetik- eta 192,3 milioi euroko aurrekontua izango du. Ministroak aurreratu duenez, lizitazioaren ohiko datak betez gero, 2018ko udan hasiko lirateke Bergarako korapiloko lehen zatiaren obrak. Amaiera datari dagokionez, De la Sernak 2023rako lanak bukatzea dela asmoa jakinarazi du.

"Ez da albiste berria"

Bestalde, Alemaniatik, Arantxa Tapiak gogorarazi du PPk eta jeltzaleek hitzartutako itunaren ondorioa dela, eta beraz, albistea ez dela berria.

Arrasate-Elorrio-Bergara zatia

5,1 kilometro izango ditu lehenengo zatiak: norabide bakarreko bi adar izango ditu (Arrasate-Bergara mendebaldea eta Arrasate-Bergara ekialdea) eta bi norabide izango dituen beste adar bat (Elorrio eta Bergara artean). Zati honetan gainera, hiru tunel eraikiko dira: Udalaitz mendebaldekoa (2.313 metro) Udalaitz ekialdekoa (2.319 metro) eta Kortazarrekoa (1.682 metro). Honetaz gain, tunel artifizial bat izango du Angiozarren (200 metro) eta zubibide bat Arantostein, Bergaran (20 metro).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak