Abiadura Handiko Trenaren Bergarako lotuneari bultzada emango dio Espainiako gobernuak

Eneko Azkarate 2016ko abe. 22a, 15:09
2015eko hasieran, Bergarako AHTko lanetara, politikariek egin zuteneko bisitaren irudia.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroarekin batzartu da, gaur Gasteizen. Bilera horretan irudikatu dute bi gobernuen arteko sintonia aldaketa, Berria-k dioenez. Hala, bileraren osteko agerraldian, "akordioaren eta elkarlanaren" aldeko aipamenak egin dituzte eta Bergarako lotuneari irtenbidea emateko konpromisoa hartu du ministroak.

Espainiako Sustapen ministroak iragarri du aurki desblokeatuko dituztela AHTaren bidea amaitzeko falta diren zatiak; Bergarako korapiloari irtenbidea emateko erabakia bihar aurkeztuko dute Ministroen Kontseiluan.

Bestalde, Bilbon eta Gasteizen trena lurperatuta sartzeko aukera eztabaidatzearen alde agertu da Espainiako Gobernua, aurreko jarrera aldatuz. Bilboko proiektua lotuko dute, lehenik eta behin; horretarako, "alor teknikoak eta ekonomikoak" eztabaidatuko dituzte, eragile guztien artean. Gasteizko geltokiari buruz aritzeko asmoa ere jakinarazi du gaurko batzarraren osteko agerraldian Iñigo de la Sernak. Eta iradoki du Espainiako Gobernuak bere gain hartuko dituela lan horiek Euskal Y-aren lan horiek: geltokiak, Bergarako korapiloa...

Berria egunkariak dioenez, ez Tapiak ezta De la Sernak ere, ez dute lanak amaitzeko eperik aipatu. Proiektua "bere osotasunean" ulertu behar dela hausnartu du ministroak: "Ez du zentzurik Bergarako korapiloa amaitzea geltokiak ez badaude amaituta, edota Burgoserako bidea ez bada egin".

Joan zen urteko abuztuan esleitu zituen Espainiako gobernuak Arrasate-Bergara (Zumelegi esparrua) eta Elorrio-Elorrio artean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko tramuen obrak, 97,7 milioi eurotan. Azken adjudikazio horiek eginda, Bergarako lotunea osatzen duten obra guztiak adjudikatuta geratu ziren.

Gerora, ordea, lanak geldi egon dira. Aurtengo udan Bergarako lotuneko kontratuak bertan behera utzi zituen Adif erakundeak. Honako hauek dira zati horiek: Angiozar, Kobate, Elorrio-Bergara, Zumelegi eta Elorrio-Elorrio.

Bergarako lurretan AHTren hainbat lan eginda daude, baina Euskal Y-aren bidegurutzea izango den Bergarako lotunea ez. Gaurko iragarpenarekin bultzada eman nahi dio Madrilek Euskal Y-ari eta tren azkarraren obra garrantzitsuenei: Bergarako lotunea eta EAEko hiru hiriburuetako sarbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak