Euskarazko aplikazioak

Zenbat eta nola jaten den kontrolatzeko aplikazioa

Jokin Guridi 2017ko ira. 28a, 14:19

ELIKA, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, elikagai-kontsumoaren jarraipen pertsonalizatua egiteko aplikazioa aurkeztu du. Erabiltzaileak egunean jandakoa erregistratu eta dieta osasungarri eta orekatu batekin aldera dezake.

Modu osasungarrian jan nahi dutenentzako tresna bezala aurkezten du ELIKAk bere aplikazioa. Egunero jaten denaren erregistroa eraman daiteke hautaketa-pantaila erraz baten bidez, jaten diren produktuak eta kantitateak zehaztuz. Egunaren bukaeran, aplikazioak eguneko kontsumoaren txosten bat eskainiko dio erabiltzaileari eta bertan azalduko dira ere dieta osasungarri eta orekatu bat eramateko hainbat gomendio. Zazpi egunen ondoren, asteko txosten bat ere sortuko du aplikazioak.

Gomendio hauek emateko eta dieta osasuntsu eta orekatu bat zer den definitzeko, UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea (CIBERobn ISCIII) ikertaldearekin elkarlanean aritu da ELIKA. Izan ere, ikertaldeak egindako elikagai-kontsumoaren inguruko azterketa batean oinarritu da aplikazioa. SEDYN Dietetika eta Nutrizioaren Espainiako Zientzia Elkarteak ere parte hartu du aplikazioaren garapenean.

Aplikazioa Growing Young sinposioan aurkeztu da, Bilbon. Sinposioak Food Health Tech izenburua darama eta Aztik antolatu du, Lipigenia eta Eusko Jaurlaritzaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin. Bertan, hiru egunez, elikaduraren erronkei eta etorkizunari buruz hizketan arituko dira.

ELIKAko aplikazioa beraien webgunean eskuratu daiteke doan iOS sistema eragilearentzat bakarrik, momentuz, nahiz eta Androiderako laster egongo den eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak