Ekonomia eta gizarte ezberdintasunak ardatz Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ira. 27a, 12:27

Politika Orokorreko Bilkura. (Argazkia: Gipuzkoako Aldundia)

Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkura egin zen atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, ekonomia eta gizarte ezberdintasunetan oinarritutako diskurtso baikorra egin zuen. EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, aldiz, herritarren erronkei erantzuteko Foru Gobernuaren "gaitasun eza" kritikatu zuen.

Atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan legealdiko bigarren urtearen errepasoa egin zen, eta etorkizunera begira dauden aurreikuspen eta erronkak ere mintzagai izan ziren.

Diputatu nagusiak, Markel Olanoren hitzetan, Gipuzkoa ekonomia susperraldian dagoen lurraldea da; eta honetaz gain, gizarte ezberdintasunak behera egin duela esan zuen: "Lurralde lehiakorra gara ekonomia arloan eta gero eta orekatuagoa gizarte ikuspegitik. Gipuzkoa prest dago etorkizunari berme guztiekin aurre egiteko".

Gipuzkoako ekonomia

Foru arduradunak besteak beste, nabarmendu zituen langabeziaren beherakada, edota Barne Produktu Gordinaren hazkundearena, %3 inguru hazten ari dena. Hala ere, ohartarazi zuen "dena ez dagoela eginda". "Eustaten arabera, 29.700 pertsona daude oraindik ere langabezian eta, tamalez, lan erregulazio txosten eta enpresen itxierekin lotutako albisteak jasotzen jarraitzen dugu". Puntu honetan, iragarri zuen foru erakundeak protokoloa jarriko duela martxan krisi egoerei aurre hartu eta zailtasunetan dauden enpresei laguntzeko.

EH Bilduri kezkagarria iruditu zitzaion Markel Olanoren diskurtsoa; "argi utzi duelako Foru Gobernuak ez dakiela akatsaz ikasten, eta aurrera jarraituko duela orain arteko politika zaharra eta eskuindarrarekin. Mantenduko ditu orain arte egindako murrizketa sozial guztiak eta mantenduko ditu Gipuzkoa desindustrializaziora eramaten ari diren neurriak. Beraz, horrela ez ditu herri honek dituen arazoak konponduko", adierazi zuen Xabier Olanok.

Horregatik, Xabier Olanok hainbat neurri eskatu zituen: zerga-erreforma abiatzea eredu fiskal aurrerakoia eta justua izateko; zerga iruzurrari eraginkorki aurre egiteko baliabide gehiago jartzea; Gizarte Politikako Mapa betetzea egoitzetako itxaron zerrendan dauden 960 pertsonei plaza bat emateko; udalei bueltatzea Etxez-etxeko Laguntza zerbitzua finantzatzeko kendu zaien dirua (3,7 milioi) edo Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza berreskuratzea (5 milioi euro), besteak beste.

Gizarte desberdintasunak

Gizarte arloan, Diputatu nagusiak Gini indizearen bilakaera nabarmendu zuen, gizarte ezberdintasunak neurtzen dituen adierazlea: 2014 eta 2016 artean 27,1etik 25,8ra jaitsi da Gipuzkoan, lurraldea Europako aurreratuenen artean kokatuz. Xabier Olanok aldiz kritikatu egin du Markel Olanoren diskurtso "triunfalista". EH Bilduko diputatuaren ustetan, Markel Olanok "ahaztu" egin zituen, besteak beste, "langabetuak, enpresa txiki eta ertainak, mendekotasuna dutenek eta gure industriako langileak".

Katalunia

Markel Olanok, hitzaldia amaitzeko Katalunian egunotan bizi den egoera aukeratu zuen: "Kataluniak bizi duen egoera politikari sistematikoki ateak ixtearen eta gatazka politikoa era arduragabekoan kudeatzearen ondorio zuzena da", gogoratu zuen. Bere ustetan, irtenbide bakarra elkarrizketa eta akordioan oinarrituta egon behar duen prozesu demokratikoa irekitzean datza, "baina prozesu honek gai izan behar du agertoki legezko eta normatibo berria eratzeko, zilegi den herri borondateari erantzuna emango diona". "Kataluniak bide hau aukeratu du eta Estatua indarrez eta inposizioak ari zaio erantzuten. Ni Kataluniarekin nago, eta elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen ditut katalanen erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide bezala" aldeztu zuen, Kataluniari bere elkartasun eta babesa helaraziz.

Xabier Olanok, bestalde, Kataluniako egoerari buruzko hausnarketarekin hasi zuen bere hitzartzea. Kataluniako herria zoriontzeaz gain, Espainiako Estatuaren eraso antidemokratikoa salatu zuen eta, azkenik, Markel Olanori, EAJ eta PSEren Foru Gobernua non kokatzen den argitzeko eskatu zion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak