Abian da mintzapraktika programa

Jokin Guridi 2017ko ira. 22a, 13:53

Gaur jarri da martxan Mintzapraktika programaren 2017-2018 ikasturteko kanpaina. Programa honen baitan, bidelagunek eta bidelariek laguntasuna eta esperientziak konpartituz euskara ematen diote elkarri, euskararen erabilera areagotuz. Arrasaten, urriaren 3an aurkeztuko da.

Herriz herri egiten den lanari esker, 6000 pertsonek baino gehiagok osatzen dute Mintzalagunen sarea eta haietatik 1200, bidelagunak dira. Egin berri den inkesta baten arabera, bidelagunen %81ak euskararen normalizazioan modu aktiboan laguntzeko asmoz hartzen du parte Mintzapraktika programetan. Hogeita lau urtez martxan dagoen programa da hau eta astero elkartuz, mila taldetik gora daude 120 herritan banatuta.

Ibilbide hau ikusirik, ez da harritzekoa bidelarien %84ak eroso sentitzen dela esatea beraien esperientziari buruz galdetuz gero. Sortzen den harreman afektiboak ere badu bere garrantzia, adiskide giroan hitz eginez, euskararen ezagutzatik erabilerara salto egiteko. Izan ere, lotsa galdu eta konfiantza hartzen doazen heinean, gaitasunak lortzen dituzte euskaraz bizitzeko espazio berriak eraikiz.

Mintzalagun izateko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Bidelari edo bidelagun izan nahiez gero edo Mintzapraktiken inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, eskualdeko euskara elkartetara, euskaltegietara edo Udaletara edo mintzalaguna.eus webgunera jo beharko da.

Dokumental berezia

Mintzapraktika programaren ikasturte berriaren hasiera dela eta, Debagoieneko mintzalagunen esperientziak, nahiak, ametsak eta egunerokoak biltzen dituen dokumentala ekoiztu du Goiena Komunikazio Taldeak. Dokumentala urrian estreinatuko da Goiena telebistan, baina hemen ikus daiteke aurrerapen bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak