Zenbat buruhauste lasterketa bat antolatzeko...
Ez sinisteko modukoa da. Lehenengo edizioa federazioaren babes barik antolatu genuen, baina prozedurak zeintzuk diren ikasita, 2017ko egutegia zehazterako orduan eskaera eta dokumentazio guztia garaiz aurkeztu genuen Gipuzkoako federazioan, eta hauen ardura da Euskadikora bidaltzea. Horretarako, klub baten babesa ere izan dugu, Dorletako Amaren izenean egin genuelako eskaera, eta Gipuzkoako federazioko ordezkariek adierazi digute eurek ondo bideratu zutela dokumentazioa. Eta, erantzun bat eman diguten bakarrak izan dira. Baina, arazoren bat egon da Euskadiko Federazioarekin, ez dakigu zer gertatu den eta ez digute inolako erantzunik eman. Baina, ostera ere, Euskadiko federazioaren egutegitik kanpo utzi gaituzte.
Zer suposatzen du horrek?
Lasterketa antolatzeko zailtasun handiagoak izango ditugula, eta garestiagoa izango dela, besteak beste, aseguru pribatu bat kontratatu beharko dugulako.
Pena da horrela ibili behar izatea...
Aurreko astean Transnomad lasterketa izan genuen Pirinioetan, eta antolaketa taldean nago. Ikustekoa da Aragoiko federazioak zelan babesten duen lasterketa, politikariak aurkezpenean, udal ordezkariak... Ainsako herria mendi bizikleta zaleendako gune bilakatu dute, eta kanpotik dator jendea mendiko bizikletan ibiltzera; turismo ikuspegitik sekulako bultzada izan du herriak, eta baita inguru guztiak ere. Gure inguruak, berriz, paradisua dira mendi bizikletan ibiltzeko, baina edozer antolatzeko zailtasunak baino ez ditugu hemen.
Zailtasunak zailtasun, lasterketarekin aurrera egitea erabaki duzue.
Bai, urriaren 1ean izango da lasterketa, domekan (09:30), eta zapatuan entrenamendu saio libreak egingo ditugu. Lasterketa iazko leku berean hasiko dugu, Musakolako Arruena parkean eta bezperan furgonetarekin edo autokarabanarekin datozenek bertan egin ahal izango dute lo.
Iaz 120 lagun inguruk hartu zuten parte, arrakastatsua izan zen.
Bai, eta ez parte-hartzaileei dagokienez bakarrik, harrituta geratu ginelako Anporretako inguruetara lasterketa ikustera gerturatu zen herritar kopuruarekin. Sekulako giroa egon zen. Nahiko genuke aurten ere jendea animatzea. Parte-hartzaileei dagokienez, izena aurrez emateko aukera egongo da sportchip.es webgunearen bitartez –35 euro– baina lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da, hori bai, apur bat gehiago ordaindu beharko dute.
Aurten ere tramu batzuk isilpean gordeko dituzue?
Bai, alde horretatik ez da aldaketarik egongo. Tramu batzuk publikoki azalduko ditugu, jendeak nahi beste entrenatu dezan, baina garrantzitsua da beste tramu batzuk isilpean gordetzea. Horrela, kanpotik datozen pilotuek ez dute desabantailarik, lasterketa egunean bertan jaitsiko dituztelako, denek, lehenengoz.
[Iazko lasterketak eman zuena, hemen].