Erkuden Almagros: "Bizikleta maite duen edozein emakumerendako taldea da"

Mireia Bikuña 2017ko ira. 22a, 09:00

Erkuden Almagrok txirrindularitza profesionala utzi zuen duela hamar urte. Ofizio zuena afizio bihurtu zuen orduan, eta Bizikume proiektua ipini zuen martxan, emakumeak elkarrekin bizikletan ibili ahal izateko

Zergatik erabaki zenuen emakume txirrindulariak elkartzea?

Errepidera gizonezkoekin irteten nintzen, eta, gustura ibili arren, erritmoak ez ziren berberak, berba egiteko erabiltzen genituen gaiak ez ziren berberak, beharrak... Orduan, sare sozialen bidez taldea sortzeko proposamena zabaltzen hasi nintzen, eta erantzuna itzela izan zen. Egun, 200 bat emakume gara, hainbat taldetan banatuta.

Aberasgarria izan da, orduan?

Zalantza barik, bai. Profil ezberdinetako emakumeak elkartzen gara, eta gure esperientziak partekatzen ditugu elkarren artean. Guztion artean.

Orain, Debagoienean sortu gura duzue taldea.

Hemen ere egongo da bizikleta gustuko duenik. Bada, taldean ibiltzera animatuko balira, nirekin kontaktuan jar daitezke, Mujeresenbici.es webgunearen bitartez. Blog antzeko bat da. Askotariko informazioa dago hor.

Bizikletan ibiltzeko elkartzen zarete, baina bestelako ekintzak ere egiten dituzue.

Badaude emakume batzuk bizikletan ibilitakoak direla eta badakitela nondik nora ibili. Baina beste batzuk berriak dira. Horiekin ikastaroak egiten ditugu. Mendiko bizikletaren eta errepidekoaren arteko ezberdintasunak zeintzuk diren, ze ibilbide egin daitezkeen, erruberak zulatzen direnean zer egin, bizikletan ibiltzeko zer arropa eta material behar den...

Webgunea emakumeak erakartzeko bidea izan da orduan.

Bereziki bizikletan hasi gura izan dutenendako. Aholkuak eta beste ematen ditut. Noizbehinka, nire istorioak idazten ditut, ibilbide berriak proposatu...

Talde berri bat sortzen denean, ze dinamika izaten duzue?

Eurekin elkartzen gara, oinarri batzuk finkatzeko. Lehenengo irteera eurekin egiten dugu, baina, ostean, talde bakoitzak dinamika propioa izaten du.

Asko aldatu da emakumeen txirrindularitza, profesional izan zinen garaitik?

Asko. Emakumeen kirola, oro har, asko profesionalizatu da hamar urtetan. Joane Somarribaren garaikoa naiz ni, eta orduan beste baldintza batzuk zeuden.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak