Zer da kontzertu ekonomikoa?
EAEn eta Nafarroan darabilgun finantziazio sistema propio bat da, Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoek ez dutena. Kontzertu ekonomikoak, azken finean, ahalbidetzen digu existitzen diren zerga guztiak –23– guk geuk biltzea, foru ogasunen bitartez –Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa–. Hala, ia independentzia finantzario osoa edukitzea ahalbidetzen digu.
Kupoak ere lotura zuzena du kontzertu ekonomikoarekin, ezta?
Bai. Eusko Jaurlaritzak bildutako diru kopuruaren zati txiki bat Espainiako Estatuari ordaintzen dio urtero, haren konpetentziatik kanpo dauden eta estatuak garatzen dituen gastuak ordaintzeko–aireportuak edota armada, adibidez–. Iaz 12.950 milioi euro batu ziren eta hortik 1.500 milioi ordaindu zitzaizkion Estatuari. Gainontzekoa gastu publikora bideratzen du Jaurlaritzak; hau da, hezkuntzara, osasunera, errepideetara, eta abarretara. Orain, gainera, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza akordiora iritsi dira, eta, horren bitartez, orain arte ordaintzen aritu den 1.500 milioi euroren ordez, 1.300 milioi ordainduko dizkio Gobernuari.
Badago desberdintasunik EAEkoaren eta Nafarroakoaren artean?
Nafarroako kontzertua EAEko kontzertuaren kopia bat da. Desberdintasun txiki batzuk badituzte, baina anaia bikiak direla esango nuke. Hala ere, interes politikoak direla eta, banatuta egon dira denbora luzean. Nafarroako eskuinak, UPNk, euskalduna den oro deabruaren moduan ikusi izan duelako.
Euskal gizarteak, oro har, ezagutzen du kontzertu ekonomikoa?
2013an, inkesta baten emaitzak ikustean, arduratu egin nintzen. Izan ere, emaitza horren arabera, euskal gizartearen %51k ez zuen kontzertu ekonomikoa ezagutzen. Hori dela eta, martxan jarri nintzen eta kontzertuari buruz inoiz izan den libururik handiena idatzi nuen, baina modu desberdin batean, edozeinek ulertu ahal izateko moduan; hau da, modu errazean azalduta eta anekdotak tartekatuta. 3.000 orrialde zituen liburu hark, eta ondoren beste bi idatzi nituen. Azkena idatzi dudana da 139 preguntas para un concierto de 139 años.
Datorren urtean, beraz, 140 beteko ditu. Nola sortu zen?
1878ko otsailaren 28an jaio zen. Ez zen euskaldunon konkista bat izan, baizik eta armen bitartez Espainiak inposatutako zerbait. 1876an Foruak eliminatu ziren Martzial legearen bitartez. Estatuak ez zuen presentziarik gure lurraldean eta zergak biltzeko modu baten bila hasi zen. Foru aldundiak ezabatuta, estatuak berak aukeratutako aldundiekin akordio bat egin zuen, lurralde historikoetan zergak biltzeko –Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan–. Urteak aurrera joan ahala, mantendu egin da eta gaur egun, oraindik bizirik dago. Beraz, inposatutako erregimen bat zena aldebiko harreman bilakatu da, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harreman, hain zuzen.
Ze garrantzi ematen diozu euskal gizarteak hau guztiau jakiteari?
Handia. Kontzertu ekonomikoa mehatxupean dago. Komunitate bat sortu dugu, 2.700 herritar inguru gaudena. Konpromiso moral bat daukagu: kontzertua ezagutu, defendatu eta ezagutarazi. Ezinbestekoa da hau, agian, egunen batean kalera irten beharko dugulako aldarrikatzera euskal gizarteak daukan eskubide bat dela. Beraz, kontzientziatu egin behar dugu, eta kontzertu ekonomikoa defendatu.