Tarragonako Valls herrian, El Vallenc aldizkariaren egoitzan, bildu ziren Iban Arantzabal Goienako arduraduna, Jone Guenetxea Tokikomeko presidentea eta Alaitz Artolazabal Tokikomeko lehendakaria Francesc Fabregasekin, El Vallenc aldizkariko zuzendariarekin. Kataluniako eskualdeetako hedabideen elkarteko presidentea ere bada Fabregas, Associacio Catalana de Prensa Comarcal (ACPC) elkartearena.
Irailaren 9an izandako gertakarien harira, Tokikomeko ordezkariek elkartasuna adierazi diote Fabregasen lantaldeari. Izan ere, egun horretan Guardia Zibilak aldizkariaren erredakzioa erregistratu zuen eta bertatik, zuzendariaren ordenagailu pertsonala eta dokumentazioa eraman zuen. “Adierazpen askatasuna zalantzan jarri da azken egunotan Kataluniako hedabideetan izandako gertakariekin. Onartezintzat jotzen dugu adierazpen askatasuna ez errespetatzea”, adierazi du Tokikomeko presidente Jone Guenetxeak.
Hala ere, bidaiaren helburua lankidetza indartzea izan da eta landu diren gaien artean, digitalizazioa, ekarpen komertzialak, trebakuntza eta jardunaldiak izan dira. Iban Arantzabalen hitzetan, “bilera honetan ikusi dugu gertuko hedabideek duten erakargarritasuna herri proiektuak eraikitzerakoan. Irakatsi digute gertutasuna aldagai garrantzitsua dela eskualdea gainditzen duten gaietan ere”. Bestalde, “Kataluniarekin esperientziak batzeak gure lana hobetzen eta eraginkorragoak izaten lagunduko digu” adierazi du Alaitz Artolazabalek.
Bileran hitz egindako gaien artean egon da urriaren 1eko erreferenduma ere. Honen inguruan, Fabregasek “konbentzimendu osoz” joango direla “demokratikoki bozkatzera” eta “herriak bultzatutako erreferenduma geldiezina” dela esan du.