Betidanik izan duzu argazkilaritzarako zaletasuna?
Bai; gaztetatik atera izan ditut argazkiak. Baina Bartzelonara etorri nintzenean hasi nituen bertako eskola batean argazkilaritzako ikasketak.
Pertsonak, aurpegiak erretratatzea duzu gustuko.
Bai; orain arte erretratu asko egin dizkiet gertukoei: familiakoei, lagunei, mutil-lagunari... nire inguruko pertsonak erretratatzea gustuko dut. Baina une honetan bestelako proiektu batean nago murgilduta eta jendea hondartzan dagoela erretratatzen dut. Hala ere, etenaldia egin behar izan dut. Izan ere, linfoma bat kendu didate eta tratamenduaren ondorioz ezin naiz hondartzara sarri joan.
Gaixotasuna argazki bidez jaso duzu. Nola eragin dizu?
Argazkilaritza nire salbazioa izan da. Lau hilabete ospitalean igaro dut ohetik mugitu gabe; ni une horretan nola nengoen eta nintzena islatu gura izan dut. Ni nintzen erretratatu ahal nuena. Gainera, ez neukan argazkiak ateratzeko mugikortasun handirik, eta tripode baten laguntza izan dut. Orduan konturatu nintzen egunero-egunero argazkiak ateratzeko beharra neukala. Nire bizitzako parte oso garrantzitsua izan da argazkilaritza. Eta orain, atzera begiratu eta ikusten dudanean nola nengoen, aurrera egiteko indarra ematen dit.
Gorputzak ikusteko modua ere aldatu egin zaizu?
Egia esan, gorputzak lehen moduan ikusten ditut, baina egia da argazki ikuspuntua aldatu egin dela ni aldatu naizen moduan.
The no face proyect ekimenean zaude orain, ordea, zentratuta. Eta horren baitan argitaratuko den libururako argazkiak ateratzen diharduzu. Aukeratuta dituzu aurkeztuko dituzun lanak?
Bai; esan bezala, hondartzan ateratako argazkiak dira The no face proyect ekimenerako. Proiektu honetan, jendeari aurpegia ez zaio ikusten. Asmoa da liburu bat kaleratzea. Mundu mailako ekimena da eta hainbat argazkilari gaude lanean. Izan ere, kolektibo honek mundu mailako argazkilari ugari batu ditu. Nik bi argazki aurkeztuko ditut.
Modarako ere egin duzu lan.
Moda aldizkarietan kolaborazioak eta book-ak egin izan ditut. Baina gehien gustatzen zaidana zinema giroko argazkilaritza lantzea da; argazkilaritza finkoa, alegia. Moda argazkilaritza oso gustuko dut, baina jende pila bat dago eta zailagoa da.
Portlandeko (AEB) fanzine baterako ere lan egin duzu.
Bai; Jon Water-i omenaldia egiteko asmoz eginiko argazkia da. Argazki horren ardatza Jon Water-en esaldi ospetsu hau zen: “Handitan gaizkile izan gura nuen, baina gurasoek ez zidaten utzi”.
Sare sozialak nola ikusten dituzu?
Txutxu-mutxuen gune bilakatu direla uste dut. Baina, era berean, hor egon behar duzu. Zure lana zabaltzeko eta jendearengana heltzeko tresna onak dira. Baita inspirazioa bilatzeko ere. Baina Facebook, esaterako, ez daukat, Instagram bakarrik erabiltzen dut: @zigorazkargota.