Txantxiku Ikastolako presidente Aitor Guridik hasi du hizketaldia. Ezohiko dataren –ohi baino aste bete lehenago egingo da aurten, Oñatiko San Migel jaiak direla-eta– gaineko xehetasunak eman ditu eta urte guztian zehar herritarrek egindako lana goraipatu du.
1989ko urrian egin zen lehenengoz Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa Oñatin eta 28 urte geroago, orduko ilusio berdinarekin jarraitzen dutela adierazi du Guridik. "1989ko Kilometroak mugarria ipini zuen Txantxiku Ikastolan. Festa inoizko jendetsuena izan zen eta Txantxiku Ikastolak bide berri bati ekin zion. Izan dadila aurtengoa ere, etorkizun oparo batera biderako abiapuntua", esanaz amaitu du.
Zirkuituaz eta egitarauaz
Irailaren 24rako prestatutako zirkuituaren gaineko xehetasunak eman ditu ondoren Kilometroak 2017ko koordinatzaile Malen Ugartek. "Bost Kilometro inguru ditu aurtengo zirkuituak eta 1989an Oñatin egin zen Kilometroak jaiko ibilbidearen oso antzekoa da. Hori bai, kontrako noranzkoan egingo da aurten". Gaineratu du, irisgarritasuna dela ibilbidearen ezaugarrietako bat. Hori, eta bidearen edertasuna: "Landa ingurunea eta hirigunea uztartzen dituen zirkuitua guztiek parte hartzeko modukoa da. Ibilbidea asfaltatuta dago bere osotasunean eta ez dago aldapa nabarmenik. Hain justu ere, irisgarritasuna izan da zirkuituaren osaketan oso kontutan izan den irizpidetako bat".
Egitarauaz, adierazi du, "zabala eta askotarikoa" dela: "Publiko mota bakoitzak aurkituko du berarendako eskaintza". Musikak hartuko du egitarauaren zatirik handiena baina dantzak eta bestelako adierazpen artistikoek ere izango dute tokia. Lehenengo gunean, plazakoan, ikusi ahalko dira Anje Duhalde, Tio Teronen Semeak, edo Oxabi erromeria taldea, besteak beste.
San Martingo bigarren gunean, gaztetxoei zuzendutakoan, Natura Abentura parkea eta futbolin erraldoia egongo dira.
Hirugarren gunea, Asentzio, gazteen gozamen bilakatuko da, han egingo baitira eguneko kontzertu aipagarrienetako batzuk; hala nola, Trini Fox, Beñat Igerabide, Egurra ta Kitto!, Oihan Vega edota Perlak taldeen kontzertuak.
Laugarren guneak, Berezaokoak, itxiko du egitaraua puntako musika taldeen emanaldiekin: Joseba Irazoki eta Lagunak, Sharon Stoner, Arkada, Herstura, Huntza eta Willis Drummond arituko dira bertan.
Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa
Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketak eta Kilometroak 2017k bat egin dutela ere eman du jakitera Kilometroak 2017ko koordinatzaile Malen Ugartek. "Erronkako finala ere Santa Lutziako zelaian bertan egingo da eta finalean keinu bat egingo zaio Artzain Txakur Txapelketari", adierazi du.
Oñatiko historia ezagutzeko aukera
Egitarauari dagokionez, aipatzekoa da, bestetik, Oñatiko Olaitturri elkartekoek Kilometroak egunerako prestatu duten emanaldi berezia. Honela azaldu du Ugartek: "Olaitturri elkarteak urteak daramatza herri antzerkiak prestatzen eta Oñatiko eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematen. Aurten, Oñatiko historia ezagutzeko 20 minutuko hiru emanaldi prestatu dituzte. Emanaldiak herriko hiru txoko berezitan egingo dira: Lazarraga parkean, Unibertsitateko klaustroan eta Zumeltzegi dorretxean".
Ikastolak 50 urte
Txantxiku Ikastolako zuzendari Zigor Ibarzabalek hartu du ondoren hitza. Hasi da esanez, ospakizunez betetako ikasurtea izan dela ikastolarendako –50 urte dira Txantxiku Ikastola sortu zela–: "Irailaren 24ko Kilometroak jaia prestatzeko ardura izateaz gain, ikastolaren sorreraren 50. Urteurrena ospatu baitugu. Bizipenez beteriko 50 urteak borobilduko ditugu, beraz, irailaren 24ko jai erraldoiarekin", adierazi du.
Txantxiku Ikastolaren nondik norakoez berba egin du hark, baita Kilometroak festaren helburuez ere. Hala, Konfiantzaren Pedagogian oinarritutako IXUTU proiektuaz aritu da Ibarzabal. "Urteak beste erronka gainditu behar izan ditu Txantxiku Ikastolak, duela mende erdi eta auzolanean, herritar talde batek sortu zuenetik. Ordutik, berrikuntza pedagogikoarekin etengabeko konpromisoa erakutsi duen ikastola da gurea eta horren adierazle, iaz hasiera eman genioen Konfiantzaren Pedagogian oinarritutako IXUTU proiektua".
Hain zuzen ere, IXUTU proiektuak ikastolara ekarri dituen eraldaketa arkitektonikoen eta etorkizunean ekarriko dituenen kostu ekonomikoei aurre egiteko bideratuko du Txantxiku Ikastolak Kilometroak 2017rekin aterako den dirua.
Trafikoa dela-eta hainbat ohar
1989ko Kilometroak egunean gertatu zena gertatu ez dadin –orduan auto asko eta asko gelditu ziren herriraino iritsi ezinik–, trafikoaren arduradunek sekulako lana egin dute urtean zehar. Hala, egunera begirako gomendioak ere eman dituzte gaurko agerraldian. "Elorregitik (San Prudentzio) baino ezin izango da joan Oñatiraino. Udanako mendatea itxita egongo da ibilgailu partikularrendako. Soilik autobusak –lineakoak eta antolatuak– iritsi ahal izango dira Udanatik behera", nabarmendu du koordinatzaile Malen Ugartek.
Guztira zortzi aparkaleku handi egongo dira prestatuta egun horretarako. Hilerriaren inguruan 350 autobusendako tokia egongo da. Autoendako egokitutakoen artean herritik gertuen dagoen aparkalekua Otadui zuhaiztikoa izango da; 400 bat autorendako tokia egongo da han. Bi gune horietatik zuzenean sartuko dira herritarrak zirkuitura. Beste aparkalekuak izango dira Torreauzon, Ulma eraikuntzak enpresan, Fagor Showroom gunean, Lana eta Stadler inguruan, Ulma Piping eta Mekalki aurrean eta suhiltzaileen ondoan. Azken sei gune horietatik lotura-autobusak egongo dira herrigunera joateko.
Bizikletaz joateko deia
Jasangarritasun batzordeak, bestetik, bidegorria erabiltzeko dei egin du. Bidegorritik bizikletaz joateko bi topagune egongo dira. Arrasateko Eroskin eta Labegaraietan, 10:00etan elkartuko dira. Horiek denak 10:30ean Elorregin elkartuko dira, elkarrekin Oñatira joateko. Institutu aurrean egongo da bizikletendako aparkaleku erraldoia eta zainduta egongo da goizetik iluntzera arte.
Prebentzioa
"Kilometroak jaian aspaldian gabiltza prebentzio lanarekin buru-belarri", jarraitu du Ugartek. "Jai erraldoia da Kilometroak eta jende multzo handia batzen duten jai guztietan bezala, gurean ere eraso sexistak edo kontsumo arriskutsuak saihesten laguntzeko hainbat prebentzio lan egiten gabiltza urteetan", esan du.
Hala, eraso sexistak saihesten laguntzeko parekidetasun batzordeak kanpaina bat abiarazi duela eman du jakitera. "Hala, guztioi jarrera sexisten aurrean dugun ardura gogorarazteko, sirena moreak ipiniko dira txosnetako karpetan. Sirena more horien helburua, festan parte hartzen ari garen guztioi (antolatzaile, bolondres edo jaiaz gozatzen ari diren guztiei) horrelako jarreren aurrean adi egongo garela gogoraraztea da".
Gainera, lehenengo, hirugarren eta laugarren guneetan BELDUR BARIK elkartearekin batera informazio puntuak ezarriko dira edonolako zalantzak argitu eta laguntza behar den kasuetan bertara jotzeko.
"Izugarrizko lana"
Kilometroak Kultur elkarteko presidente Nekane Artolak eman dio bukaera saioari. Artolak goraipatu ditu Txantxiku Ikastolako komunitateak eta oñatiarrek urtean zehar egindako lana. Gainera, animoak eta eskerrak eman gura izan dizkie urte guztian zehar lanean ibili direnei eta irailaren 24an ibiliko direnei.
"Eta noski, euskal herritar guztiei gonbidapena luzatu gura nieke. Eman diezaiogun erantzun bikaina, oñatiarrek bota diguten Lekaixoari!", esanaz bukatu du.