Memeak, umore pilula sinple horiek

Jokin Guridi 2017ko ira. 13a, 16:28

Memeak sare sozialen eta mezularitza zerbitzuen errege bihurtu dira urteetan zehar, nahiz eta beste formatu berriago batzuk sortu beraien ibilbidean. Umorez betetako argazki eta testu konbinazio hauek egiteko hainbat aplikazio erabili daitezke, hemen batzuk.

Bere sinpletasuna indargune nabarmenena du memeak, umore pilula zuzen eta eraginkorrak sortzeko tresna bezala. Bere arrakasta ikusirik, hainbat eta hainbat aplikazio sortu dira memeak egin ahal izateko eta bat aukeratzerako orduan, aplikazio dendetako eskaintzan galtzeko arriskua dago. Beraz, meme propioak egin nahi izanez gero, badira mugikorrerako doaneko aplikazioak ere. Hemen batzuk zerrendatuko dira, baina badira beste hamaika gehiago.

Meme Generator Free. Berez ekartzen dituen 700 irudiek eta testua editatzeko ematen dituen aukerengatik, aplikazio egokia izan daiteke era guztietako memeak egiteko. Bestalde, horrelako aplikazioetan ohikoa ez den funtzio bat du, hainbat argazkiz osatutako memeak egitekoa, hainbat memetako kateak osatuz.

Meme Creator. Aurrekoaren antzekoa, bi desberdintasun nagusirekin: Androiderako bakarrik balio du eta beraz, ezin da erabili mugikor guztietan; baina, norbere argazkiekin memeak egitea posible da eta joko gehiago ematen du, batez ere, umorea pertsonalagoa egiteko.

Mematic. Balorazio onena lortzen duen aplikazioa da hau, baina ez du aurreko biekin desberdintasun nabarmenik, momentuan ateratako argazki batekin memeak egitea posible dela kenduta. Android eta iOS plataformatan erabili daiteke.

GATM Meme Generator. Aurrekoen antzekoa ere, desberdintzen duen ezaugarri nagusiena zuzenean sare sozialetan elkarbanatzeko aukera izanik. Interneteko irudi klasikoz osatutako bilduma luzea du baina Android sistema eragilearekin bakarrik erabili daiteke.

Video & GIF Memes. Azken aplikazio hau desberdina da aurrekoetatik, izenak dioen bezala, bideo eta GIF formatuetan memeak egiteko aukera ematen baitu. Hau ere Androiden bakarrik erabili daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak