David Martin: "Euskal Herriko ijitoek euskal folklorea bereganatu zuten, tarteka, ekarpenak eginez"

Goiena 2017ko ira. 13a, 11:48
David Martin historialaria.

Euskal Herriaren historiaz mintzo, ijitoei buruzkoak ezin topatuta, gaian sakontzea erabaki zuen David Martin historialariak. Elkarrizketa osoa, 'Puntua'n irakurri daiteke.

Atzera begira gertakari ugari daude aztertzeke, protagonista ugari aipatzeke. Bada, historialariak historialari eta ideologiak ideologia, zaila izan ohi da historiaren alor guztiak bilduko dituen testu liburua aurkitzea. Horretaz jabetu zen David Martin historialaria (Errenteria, 1980), Euskal Herriko ijitoek Espainiako gerran izandako protagonismoari buruzko jakinguraz bustia zenean. Hala, hutsuneak betetzeko zereginean, gaia aztertzeari ekin zion; abiapuntu hori, baina, txiki geratu zitzaion. Eta, bide horretan, ikerketa esparrua zabalduz joan zen osteko hilabeteetan.

El pueblo gitano en Euskal Herria liburua idatzi duzu. Ijitoena ez da sarri landu ohi den gaia...       

Halaxe da, eta, hor dago nire ikergaiaren abiapuntua. Ijitoen gaia landu guran, doktoretza tesi bati ekin nion 2002an; aipaturiko gizarte kolektiboak gerra zibilean izaniko parte hartzea ezagutu gura nuen, historia liburuek ez baitzuten horrelakorik jorratzen. Hori bai, egitasmoa ez zen hasierako lan horretara mugatu, urte batzuk geroago, jorra-gaiaren inguruko liburua idazteko proposamena egin baitzidan Txalaparta argitaletxeak. Baietz esan nuen. Finean, okerrak diren uste asko daude hedaturik gizartean; argitu beharrekoak dira horiek guztiak. Aipatzearren, gizartean oso hedaturik dago ijitoak nomadak diren ustea, baina hori ez da egia. Gisakoak argitu nahian, beraz, atzera begirako informazioa eskaintzen diot irakurleari, ordena kronologikoan antolatuta. Laburbilduz, historia liburuetan nekez irakur daitekeen informazioa eskaintzen du liburuak. Modu horretan, esaterako, irakurlea jabetuko da ijitoek esangura handiko momentu historiko askotan jardun izan dutela; tartean, Espainiako gerran.

Sakon aztertu duzu ijitoek Espainiako gerran izandako protagonismoa. Zer esan dezakezu horren gainean?

Gerra zibila hasi baino askoz lehenago iritsi ziren ijitoak Euskal Herrira –eta Espainiara–. Gatazka hasi zenean, ez zuten ihes egin. Norbanako moduan jardun zuten gudan: batzuek beren ideiekin bat zetorren kausaren alde borrokatu zuten, euren borondatez eta konbikzioz. Dena den, aipatu beharra dago badela gudan borrokatzera behartu zuten ijitorik ere. Horien artean dira Nafarroako Erriberan bizi izateagatik erreketeen bandoan jardun behar izan zutenak. Beraz, guda talde ezberdinetan aurki zitezkeen ijitoak. Azken finean, ez zegoen ijitoen aurka borrokatu zen bandorik; hori horrela, esan daiteke ez zutela euren defentsarako guda blokea sortzeko beharrik izan.

Aipatu duzunez, ijitoek urte asko daroatzate Euskal Herrian. Zein urtetakoa da horiei erreferentzia eginez aurkitu duzun lehen dokumentua?

Ikerketa prozesuan aurkituriko dokumentuei dagokienez, 1435ekoa da ijitoei erreferentzia egiten dien Euskal Herriko lehena; zehatz esanda, Nafarroakoa da aipaturikoa. Kasu horretan, erromes moduan dituzte ijitoak; tartean, zenbaitek Nafarroako erreginaren ekarpen ekonomikoa ere jaso zuten arrazoi horrengatik, ustezko erromesaldia jarraitzeko laguntza bezala. Hori, esaterako, erreferentzia positiboa da. Baina, urteek aurrera egin ahala, aldatuz joan zen panorama: erromesaldia egitera beharrean, ijitoak gelditzeko asmoz etorri zirela ohartu ziren herritarrak. Euren inguruko ikuspuntua aldatzea eragin zuen horrek, ikusi baitzuten, besteak beste, ijitoen ohiturak bertako gizarte eredu zurrunaren mugez gaindi zeudela; eta uste zuten arazoak sor zitezkeela etorkizunean.

Gaiari lotuta, Arantzazu ere aipatu izan duzu zenbaitetan.

Esan bezala, ijitoek sarri erabiltzen zuten erromes ziren aitzakia, lurralde baten barnean lasaitasunez lekualdatzeko. Esaterako, Europako mugetako kontrolak gainditzea errazago zuten, erromesaren plantarekin bazihoazen. Hori horrela, hemen inguruan sarri erabiltzen zuten Arantzazura erromesaldia egiten ziharduten aitzakia.

Tartean, Oñatiri erreferentzia egiten dion bestelako dokumenturik ere aurkitu duzu.  

1510ekoa da, ijitoei erreferentzia eginez, Gipuzkoan aurkituriko lehen dokumentua; horrek Oñatiri egiten dio erreferentzia. Zehatz esanda, Oñatiko emakume baten salaketa da; ebasketa bat egozten zion ijito talde bati. Dena den, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan ijitoei erreferentzia egiten dien dokumentu zaharragorik izan ez denik, egon baitaitezke aurkitu ez ditugun edo desagerturik dauden dokumentuak.

Hemen inguruko herriei men egiten dion bestelako dokumenturik aurkitu duzu?

Bai. Arrasateko dokumenturen bat ere aurkitu dut ikerketa fasean; 1613koa da. Kasu horretan, Arrasateko alkateari egiten dio aipamena. Bada, batzar orokorretako manatuari erantzunez, ijito talde bat atxilotzea eta jotzea agindu zuen alkateak; horietako bat urkatu egin zuten. Dirusariak jasotzen ziren halakoak egitearen truke.

Aipaturikoak ez dira oso gertaera baikorrak...

Gaur egunera arte iritsi diren iturri idatzi gehienak prozesalak eta judizialak dira; beraz, zigorrez dihardute gehienek. Dena den, historialariok halabeharrez irakurri behar dugu horien lerroartea, ijitoen benetako historia ulertu ahal izateko. Horrela segitu behar genuke ijitoei buruzko atzera begirakoa eraikitzen; besteak beste, euren ideologian, lanean eta bizitokian sakontzen. Bada, lerroarteko irakurketa horretan informazio baikor asko bildu dut, halakoak egon badaudelako. Azken finean, ijitoek urteak daroatzate Euskal Herrian, bertako herritarrekin harremanean; dena horren gordina izan balitz, ez zuten horrenbeste iraungo.

Liburuan azaltzen duzunez, Euskal Herriko hainbat herriren historian esangura handia dute ijitoek.

Zenbait herritan komunitate esanguratsua sortzea lortu zuten ijitoek; tartean, garrantzi handia izan zuten Donibane Lohizunen eta Ziburun. Herri horietako herritarrekin elkarlanean hasi ziren, euren ofizioan laguntzen –arrantzan, esaterako–. Hori, dudarik gabe, oso garrantzitsua izan da herri horien ekonomiarentzat. Finean, gizartean integratu ziren ijitoak: etxebizitza propioa eta lanbidea zituzten eta tokian tokiko ohiturak bereganatzen zituzten, hainbaten artean.
Industrializazioaren eraginez, gora egin zuen ijitoen presentziak.

Testuinguru hartan iritsitako ijitoek izan dute eraginik ordurako Euskal Herrian zirenengan?

Hasieran, Euskal Herriko ijitoek oharkabean jarduten zuten; alegia, sarri, ijito zirenik ere ez zekien jendeak. Ostean, beste herrialde batzuetako ijitoak etortzen hasi ziren, tartean, industrializazioak eraginda. Momentu hartan, eta tokiaren arabera, jarrera ezberdinak izan zituzten Euskal Herriko ijitoek. Batetik, Ipar Euskal Herrian, ijitoek ez zuten kanpotik zetozenekin nahasi gura izan. Hego Euskal Herrian, bestetik, bestelakoa gertatu zen: atzerritik etorritako ijitoekin nahasten hasi ziren; beraz, euren orduko izaera baztertzen zihoazen pixkanaka-pixkanaka.

Bizitoki bakoitzak bere berezitasunak izan ohi ditu. Tokian tokiko ohiturak bereganatu dituzte ijitoek?

Hala da. Lekualdatzeak izan du eraginik ijitoengan; askotariko alorretan nabari da hori. Batetik, esan daiteke ijito batzuek abizen euskaldunak dituztela. Hemen inguruko ijitoen artean, Etxepare, Etxeberria edo Urrutia moduko abizenak aurki daitezke, esaterako. Zehatz esanda, XVI. mendean hasi ziren abizen euskaldunak euren egiten; eta gaur egun arte iritsi dira horiek. Bestetik, euskaraz mintzatzeko gai diren ijito ugari daude. Hots, ijitoek, munduan zehar mugitzean, beharrezkoa zuten hizkuntza ikasten zuten. Euskal Herriaren kasuan, euskara zuten beharrezko; beraz, herriko hizkuntza ikasi zuten. Modu horretan, euren ama hizkuntza –erromaniera– galtzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka; horren eraginez, Euskal Herriko ijitoek zailtasun gehiago zituzten atzerrikoekin komunikatzeko. Gainera, erromaniera eta euskara batzen dituen hizkuntza jaio zen fenomeno hartatik, erromintxela bataiaturikoa. Bestalde, gaztelerak ez zuen horrenbeste garrantzirik izan ijitoentzat, soilik administraziorako baitzen funtsezko; eta ijitoek, ohikotasunean, ez zuten harremanik administrazioarekin.

Euskal folkloreari eginiko ekarpena ere azpimarratu izan duzu tarteka.

Ijitoek askotariko alorretan jardun izan dute lanean; horien artean da herrietako jaietan musika instrumentuak jotzearena. Ijitoek euskal folklorea bereganatu zuten, tarteka, euren kulturaren baitako ekarpenak eginez. Besteak beste, zenbait herritan eurek zuten txistua eta danbolina jotzeko ardura. Horrek, nola ez, erakundeen partetiko kontraesana zekarren, ijitoak herrietatik bidali gura zituzten bitartean, kontratatu egiten baitzituzten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak