Bertsolari Txapelketa Nagusia zazpi lurraldeetan izango da lehenengoz

Mirari Altube Arrese 2017ko ira. 12a, 12:47

Irailaren 23an abiatu eta abenduaren 17an bukatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu dute gaur. Lehenengoz "euskararen lurralde osoan" izango dela iragarri dute: "Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan".

Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, adierazitako lez zazpi lurraldeetan izango da txapelketa: "Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan". Hamalau topaleku izango ditu: Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo. 

Bilbon egin duten aurkezpen ekitaldian honako hauek izan dira Iñaki Murua lehendakariaz gain: Jokin Castaños, BTN-ko talde antolatzaileko kidea eta lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariak: Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak –Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa– elkarteetako lehendakariak, hurrenez hurren. 

Unai Iturriaga eta Iñaki Gurrutxaga, ez

43 bertsolarik, 18 gai-jartzailek eta 20 epailek jardungo dute BTN-n. Castañosek eman ditu horren gaineko xehetasunak: "Unai Iturriagak ez du izena eman eta finalista denez ez du ordezkorik izango eta Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez". Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: “Finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasatuko dira finalera". Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik, baina saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira herria bera bertsolaritzaz girotzeko; Segurako final laurdenarekin batera, esaterako, Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna egingo da irailaren 30ean.

Sarrerak dagoeneko salgai

Sarrerak jarri dituzte salgai honako atarian: www.bertsosarrerak.eus. Final laurdenetako sarrerak guztiendako daude dagoeneko eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat soilik urriaren 2ra arte. Bestalde, abonuak bakarrik bazkideek lortu ahal izango dute. "Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena”, azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Txapelketaren gaineko argibide guztiak eta gehiago emango dituzte www.bertsozale.eus atarian. Eta www.bertsoa.eus-en  ere jarraipen zabala egingo diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak