Hazilan proiektuaren laugarren edizioa hasteko prest

Jokin Guridi 2017ko ira. 12a, 12:30

Urriaren 4an hasiko da Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatzen duen Hazilan proiektuaren edizio berria. Honen berri emateko, enpresei eta parte hartu nahi duten norbanakoei zuzendutako bi saio informatibo antolatu dira irailaren 15erako.

Hazilan proiektuak eskualdeko gazte kualifikatuen laneratzea du helburu eta bi fasetan osatzen da. Lehen fasean, 80 orduko prestakuntza praktikoa jasotzen dute parte-hartzaileek konpetentzia pertsonaletan, profesionaletan eta lan-bilaketarako trebetasunetan. Bigarren fase batean berriz, praktikak egingo dituzte eskualdeko enpresetan. Izan ere, proiektua Debagoieneko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei, goi mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta dituztenei eta ikasketa horiekin esperientzia esanguratsurik ez dutenei zuzenduta dago. Enpresek, aldiz, gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutu eta proiektu berriak garatzeko aukera dute.

Enpresei eta gazteei zuzendutako bi saio informatibo antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak Hazilan proiektuari buruzko informazioa eman eta zalantzak argitzeko. Saio hauek irailaren 15ean izango dira Debagoieneko Mankomunitateko Udalaitz aretoan, goizeko 9etan enpresentzako saioa eta 11:00etan norbanakoentzako saioa. Praktiketan gazte kualifikatuak hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeek, saiora joan gabe ere eskaerak egin ditzakete irailaren 26a arte, 943793090 telefonoan edo hazilan@debagoiena.eus helbidean. Parte hartzea nahi duten norbanakoek aldiz, Debagoieneko Goi mailako titulatuen poltsan izena eman beharko dute irailaren 20a baino lehen. Horretarako, debagoiena.eus webgunetik eskaera orria deskargatu eta Debagoieneko Mankomunitateko egoitzan aurkeztu behar da dagokion dokumentazioarekin batera.

Laugarren edizioa izango da oraingoa 2016an martxan jarri zenetik eta aurreko hiruetan denera 43 pertsonak parte hartu dute, horien artean gehiengoa emakumezkoak izanik, 26 zehazki. Behin praktikak amaituta, 10etik 7k lanean jarraitzen dute praktikak egin dituzten enpresan edo beste enpresa batean. Hazilan proiektuaren edizio desberdinak Euskal Herriko 2014-2020 programa operatiboaren bidez gauzatu dira, hain zuzen ere, programa honen finantziazioaren %50a EGIF-ek eman du eta Garapenek koordinatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak