Lanpostuen eta Garagartzako plantaren alde borrokan segituko dutela jakinaraziko diete langileek Edesako zuzendaritzari

Ubane Madera 2017ko ira. 8a, 08:51

Garagartzako planta.

Gaur, egubakoitza, 09:30ean dute Fagor CNAren gatazkan inplikatutako alde biek oraingo asteko bigarren hitzordua. Edesa Industrial eta Geyser-Gastech enpresetako langileen ordezkariek orduantxe jakinaraziko diote zuzendaritzari eguaztenean erabakitakoa: ez dute onartuko Garagartzako plantaren itxiera eta 167 langileren kaleratzea proposatzen duen bideragarritasun planik. Alegia, enpresak aurkeztutako azken proposamenari ezezkoa emango diote.

09:15erako bigarren hitzordu bat ere bada gaur: langileek elkarretaratzea egingo dute Garagartzan, presio modura.

Eta hirugarren hitzordu bat ere badago iragarrita. Kasu horretan, CNA Taldeko zuzendaritzaren eskutik etorri dena: lantalde osoari eragingo dion enplegua suntsitzeko espedientea abiaraziko du, "altxortegiaren gaur egungo egoera" argudiatuta. Bestela esanda, enpresak iragarri du Fagor CNAko 327 langileen kontratuak eteteko prozedura abiaraziko duela, bai edo bai.

Data zehatzik ez

Azken horri dagokionez, baina, oraingo asteko martitzenean iragarri zuten gaur, egubakoitza, aurkeztu behar zutela. Baina, Goienak kontsultatutako Edesako iturrien arabera: "Ez dakigu zein izango den enplegua suntsitzeko espedientea aurkezteko egun zehatza, baina aurreikuspena da datorren astean izango dela".

91 langileren kontratu etetea

Egunen dantza alde batera utzita, baina, ezusteko handia litzateke enpresak atzera egitea iragarritako asmo horrekin. Izan ere, dagoeneko Lan Ikuskaritzan aurkeztu dute Edesa Industrialeko bulegoetako langileei eragiten dien enplegua suntsitzeko espedientea. Bestela esanda, dagoeneko abiarazi du 91 langileren kontratuak eteteko prozedura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak