ACBra itzuli den Gipuzkoa Basket gurean, egubakoitzean

GBCk eta Baskoniak Eskoriatzan

Denboraldi-aurrea une egokia da Gipuzkoako saskibaloi talde nagusia Debagoienera gonbidatzeko. Eta BKEko ordezkariek ez dute aukera hori alperrik galdu. Hala, egubakoitzean 19:00etan hasita Labegaraietako harmailak saskibaloi zaleeekin (5 euro) beteko dira, ACBra itzuli den talde gipuzkoarra bertatik bertara ikusteko.

Porfi Fisac-en taldeak zortzi lagunarteko jokatuko ditu liga hasi aurretik –irailaren 30eko asteburuan– eta horietako bat da egubakoitzekoa. Talde gipuzkoarra indartzeko hainbat fitxaketa egin dituzte, eta gehienak Bergaran izango dira gaur. Azken fitxaketa Michael Fakuade izan da (Chicago, 1989), eta amerikarrarekin batera zaleak besteak beste Jordan Swing, Daniel Clark edota Miquel Salvo moduko jokalariekin gozatzen hasteko gogoz daude. Oraingoz, gipuzkoarrek Euskal Kopako partiduarekin hasi dute denboraldia; 83-81 galdu zuten Bilbao Basketen kontra.

Marian Mellado bke-ko saskibaloi saileko arduraduna: "Halako partiduak ondo datoz gazteei zaletasuna areagotzeko".

Gipuzkoa Basket taldeko arduradunak BKEko ordezkariekin harremanetan jarri zirenean egubakoitzeko lagunartekoa proposatzeko, mahoneroek ez zuten zalantzarik izan.

Gipuzkoa Basket eta Baskonia azkenekoz Labegaraietan egon zirenean (2015) giro ederra egon zen harmailetan. 

Bai, eta egubakoitzean gauza bera errepikatzea espero dugu. Halako partiduak ondo datoz herritarren artean saskibaloiarekiko zaletasuna areagotzeko, eta batez ere gazteendako da polita. Orduan oso gustura geratu ginen lagunartekoak eman zuenarekin.

Argentinako talde bat izango da bisitari. 

Ez dut uste inoiz egon denik Argentinako talde bat gurean jokatzen, esango nuke lehenengo aldia izango dela. Madrilen daude egunotan, denboraldi-aurre moduko bat egiten dabiltza eurak ere, eta hainbat partidu hitzartu dituzte aste hauetarako. Horietako bat da egubakoitzean Bergaran jokatuko dutena, ea zer nolako ikuskizuna ikusten dugun.

Partidurako sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Bai, partidu aurreko egunetan Pol-Polen, Deporren, Ganbaran eta Labegaraietako kiroldegian jarri ditugu salgai, eta partiduaren aurretik Labegaraietako atean ere egongo da sarrerak erosteko aukera, bost eurotan.

Lagunartekoa alde batetara utzita, ze itxura hartzen diozue BKEtik aurtengo denboraldiari? 

Itxura polita du, bagoaz aurrera poliki-poliki. Gaztetxoak Eskola Kirolean hasita daude, eta aurten talde bat gehiago izango dugu klubean, zortzi talde izango ditugu guztira. Gainera, denboraldia behar den moduan hasteko aurki egingo dugu talde guztien aurkezpena San Martin plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.