Langabeziak gora abuztuan

Jokin Guridi 2017ko ira. 4a, 12:08

Gutxi bada ere, gora egin du langabeziak abuztuan. Uztailan behera egin zuen arren, ekaineko datuekin konparatuz gero, 26 langabe gehiago daude Debagoienean eta langabezia tasa %8,49an kokatu da. Elgetak izan du igoera handiena eta Eskoriatzak jaitsiera handiena azken bi hilabetetan.

Abuztuko langabezia tasaren datuak argitaratu ditu SEPEk, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak. Uztailean urteko tasa minimoa ezarri ondoren, %8,18an kokatu ondoren, gora egin du hilabete honetan langabeziak eta ekaineko datua baino gorago kokatu da %8,49ra helduz. Honekin, urteko lehen zazpi hilabetetan izandako beheranzko joera apurtu eta igoera apala pairatu du langabezia tasak.

Herrietan izan duen bilakaera aztertuz gero, uztailean herri gehienetan behera egin arren abuztuan Bergara, Leintz-Gatzaga eta Aramaion bakarrik mantendu du joera hori. Antzuolan, Aretxabaletan eta Arrasaten, uztailean behera egin eta urteko minimoak ezarri arren, ekainean ezarritakoa baino tasa altuagoan gelditu dira abuztuan. Honek esan nahi du uztailean sortutako lanpostuak baino gehiago suntsitu direla abuztuan. Eskoriatzan berriz, aurrekoen joera berdina izan arren abuztuan nahiko egonkor mantendu da eta apur bat igo den arren, uztaileko datu berdintsuak eman ditu. Elgeta eta Oñatin aldiz, langabezia gorantz doa ekainetik, Elgeta izanik igoera handiena pairatu duen herria ia bi punturekin. Bestalde, Aramaiok jarraitzen du Debagoieneko langabezia tasa baxuena izaten eta Arrasatek altuena.

Joera orokorrari erreparatuz, ohikoa da abuztuan langabezia igotzea bailarak duen egitura ekonomikoa ikusita. Hala ere, urte osoari erreparatuz gero, beheranzko joera mantentzen da eta badirudi urtea %8aren bueltan bukatuko duela Debagoieneko langabezia tasak, baina iraileko datuak aztertu beharko dira abuztuko jaitsiera zerbait puntuala edo mantentzen den joera bat den ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak