Horrez gain, unitate mugikorra iraileko bi egunetan ere izango da Arrasaten. Lehenik, irailaren 5ean –hileko lehen martitzena– anbulatorioan egongo da. Irailaren 28an –hileko azken eguena–, berriz, Laubide plazan egongo da. Bietan, 16:30etik 20:00etara izango dute herritarrek odola emateko aukera.
Horren harira, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak ohartarazi nahi izan du uda sasoian %50era ere jaisten direla odol emateak, eta gogorarazi nahi izan du "benetako beharra" dagoela. "Garai hauetan gizartearekiko komunikazioa aktibatzen dugu eta unitate mugikorrak jarri. Izan ere, garai zailena da guretzat, eta komunitateko biltegiratzeak handitu behar izaten ditugu. Odol horren beharra duten paziente kopuruak handia jarraitzen du izaten", adierazi du Isabel Vitoria Arabako Odol-emaileen Elkarteko Koordinatzaileak. Horregatik, "herritar guztiei eskatu nahi diegu esfortzu bat egin dezaten, odola emateko", azaldu du. Bukatzeko, ohartarazi du mota guztietako odolak direla ongietorriak. "Odola ematea inoiz ez dago soberan. Izan A+, izan 0–, guztien beharra dugu", azpimarratu du Vitoriak.
Analisiak, badaezpada
Uda sasoia, odola gutxien ematen den garaia izateaz aparte, arriskutsuena ere bada. Izan ere, bidaiatzen dugunean, arriskua dugu egon garen lekuan egon daitezkeen birus eta germenak hartzeko. Hori dela eta, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak horien nolabaiteko zainketa bat egiten du, odol-emaileek pazienteei gaixotasuna kutsatu ez diezaieten. Horretarako, "odola eman baino lehen, orri bat betearazten diegu emaileei eta bertan galdetzen diegu non egon diren azken hilabeteetan. Horren arabera guk odol hori analizatzen dugu edo ez", azaldu du Mari Paz Salazar Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko medikuak.
Alde batetik, endemia konkretu batzuk dituzten zonaldeak daude –Latinoamerika, Afrika, Indonesia, India...– eta odol-emaileak egin duen bidaiaren arabera, protokolo desberdinak jartzen dira martxan, kasu baterako zein besterako.
Endemia ezagunena malaria da. " Malariaren kasuan, odol-emaileak gutxienez lau hilabete itxaron beharko ditu herrialde horretatik hona itzuli denetik. Denbora hori igarotakoan, uzten diogu odola ematen, baina poltsa horri analisi bat egiten diogu, jakiteko emailea malaria inkubatzen ez zegoela. Izan ere, sintomarik ez izan arren, kutsatu egin diezaioke pazienteari odola ematearekin batera", azaldu du Salazarrek.
Beste ohiko endemia bat Txaga da, Latinoamerikan oso ohikoa dena. Eltxoen ziztada baten bitartez kutsatzen da eta kasu hauetan sei hilabeteko tartea ere uzten dute analisia egiteko.
Nilo birusa
Endemia orokorrez gain, endemia puntu batzuk ere badaude eta horietako bat, uda honetan protagonista izaten ari dena, Nilo birusarena da. Hegazti migratzaileek alde batetik bestera eramaten dute eta eltxoen baten bitartez kutsatzen da. "Birus honen zerrenda bat daukagu, eta zerrenda hori ia une oro eguneratzen da. Eltxo hori dagoen herrialdearen edo zonaren arabera, OMEk jakinarazten du informazioa eta Osasun Ministerioak eguneratzen du zerrenda hori", dio Salazarrek.
Hori horrela, herrialdeak baino gehiago, zonak zehazten dira. Birus honekin, hilabeteko tartea uzten da analisiak egiteko. "Iberiar penintsulan, Cadiz, Huelva, Sevilla eta Algarve dira eltxo hau gehien dagoen zona, eta, beraz, oporrak bertan igaro dituzten guztiek emandako odol poltsak analizatzen ari gara. Emaile batzuek harrituta begiratzen digute. Izan ere, pentsatzen dute leku exotikoetan bakarrik daudela endemia hauek. Baina ez", adierazi du Salazarrek.
Kontuak kontu, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko medikuak ohartarazi du arduraz jokatuta eta odola eman aurretik egiten den galdeketa behar bezala erantzunda ez dagoela arazorik, eta herritarrak odola ematera animatu ditu.