"Kanpai-joleok izaten ditugu geure topaketak eta sarri elkartu izan gara. Oraingoan kanpai-joleak ez direnak ere ekarri gura ditugu gure ingurura, eta horretarako egitarau berezia gertatu dugu", jakinarazi du eskolako kide den Julen Abasolok. Burgostik, Amurriotik eta beste hainbat lekutatik gerturatuko direla lagunak badakite baina gehienak ingurukoak izango direla diote: "Gerturatzeko deia egiten dugu, eta kanpai doinuekin eta gehiagorekin gozatzeko aukera izango da".
Musika, bertsoak, bazkaria eta gehiago
Antolatzaileen gomendioa da autoak Urkuluko aparkalekuan uztea eta handik oinez joatea Areantza auzora. "Hori girotzeko ibilaldi akustikoa antolatu dugu, hau da, geuk sortutako doinuak izango ditugu lagun: kanpaiak, txalaparta…", dio Abasolok.
Ekitaldi nagusia 12:00etan izango da auzoko elizaren alboan: "Kanpai doinuak entzungo dira baina baita beste doinu batzuk, bertsoak… Ekitaldi musikatu-antzeztua izango da". Ondoren, 13:00etan, edonorendako zabalduko dute mikrofonoa: "Solasaldi irekia izango da, bakoitzak nahi duena partekatzeko". Eta gero Mitarte Garai landetxean bazkalduko dute 70en bat lagunek.
Arratsalde partean, ostera, kontzertu bi izango dira. Dixauen talde aretxabaletarra lehenengo eta The Potes arrasatearrak ondoren, akustikoan.
Egitaraua
Eguraldi ona egin edo ez egitarauarekin aurrera egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.
Hona hemen egitaraua osorik:
- 11:00, Ibilaldi akustikoa Irabango iturritik Arentza auzora.
- 12:00, Kanpai-joaldia baino askoz gehiago Areantzako eliz ondoan.
- 13:00, Elkarren berri Areantzako eliz ondoan.
- 14:30, Bazkaria, Mitarte Garain.
- 18:00, Kontzertua Mitarte Garain: Dixauen eta The Potes akustikoan.