Kanpaien doinuen inguruan hamar urte

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 14a, 18:30

Juane Arientzako kanpai-jole eskolako egungo kideak Mendiolan, aurtengo sanjuanetan.

Juane Arientzako kanpai-jole eskolak hamar urte bete ditu. Horren bueltan elkartutakoek asko ikasi dute urteotan eta lagun asko egin ere bai. Urteurrena irailaren 2an ospatuko dute, Areantza auzoan, ekitaldi berezia eginda.

Hamar urte baino gehiago pasatu dira Areantza auzoko hainbat lagunek kanpaien gaineko interesa agertu eta zerbait egitea erabaki zutenetik: "Juane Madinabeitia kanpai-jole handia zen eta haren joaldi guztiak grabatzea erabaki genuen", azaldu du Julen Abasolok, eskolako kideak. Grabazio hori, baina, nahikoa iruditu ez, eta Gorka Madinabeitiarekin batera, eskola sortzea erabaki zuen: "Artemanen laguntzarekin karaoke antzeko sistema bat asmatu genuen jotzen ikasteko. Eta material hori izan zen geu ere ikasten hasteko abiapuntua". Inguruko auzoetako bizilagunak gonbidatu eta hamabi bat lagun elkartu ziren orduan: Larrinokoak, Goroetakoak, Mendiolakoak… "Gaur egun lau bat lagun gabiltza, eta aurten, gazte bat ere arrimatu zaigu", dio Abasolok. Eskola hori da Juane Arientzako kanpai-jole eskola, hain zuzen ere lehenengo irakasle izan zuten haren omenez.

Bizipen esanguratsuak 

Bizipen asko izan dituzte eta lagun asko ezagutu hamar urteotan. "Guk egindako DVD hori erabat berritzailea izan zen. Interes handia sortu zuen eta ate asko zabaldu zizkigun. Lehenengo irteera Saguntora egin genuen; hain zuzen, horren berri emateko. Izan ere, Valentzian afizio handia dago", dio Madinabeitiak. 

Abasolok, lehen urteko entsegu egunak ditu gogoan, hamabi lagun haiek kanpaiaren bueltan bat egiten zutenekoa: "Astelehen iluntzetan elkartzen ginen Areantzako kanpandorrean, giro oso polita izaten genuen. Eta luzaroan egin genuen lan". Jendaurreko lehen agerraldia 2008ko Otalai Zelai egunean egin zuten. Kanpai mugikor bat eraman zuten hara, eta hainbat lekutako lagunak elkartu ziren: "Arabarrak, nafarrak, Oiartzungoak… Publiko aurrean egindako lehenengoa izateko benetan dotorea izan zen", diote biek.

Handik hiru urtera, 2011n, hilabete osoko jardunaldiak antolatu zituzten: erakusketa, hitzaldiak… "Baina garrantzitsuena bost auzotan batera egin genuen joaldia izan zen, Larrinotik guztiak entzuteko. 200 bat lagun elkartu ziren han, asko kanpaien munduarekin inolako zerikusirik ez zutenak", dio Abasolok, eta gaineratu du Madinabeitiak: "Horren atzean egon zen lana inork ez daki, bost auzotako kanpandorretan jo eta Larrinon entzutea guztiak ondo eta koordinatuta… Arrasateko irrati zaleen laguntza izan genuen horretarako". Iaz, ostera, argazki lehiaketa antolatu zuten, eta horrekin ere pozik daude 123 argazki jaso zituztelako: "Zaila dena da mundu horrekin zerikusirik ez duena erakartzea. Horregatik beti saiatu gara ekintza originalak eta bereziak egiten", adierazi du Madinabeitiak.

Irteera asko 

Egubakoitz guztietan elkartzen dira, orain ere Areantzan. "Geure doinuak jotzen ditugu lehenengo eta gero, berriak, kanpoan entzundakoak eta ikasitakoak", diote. Eta ikasitako hori erakusten jarraitzen dute. Dagoeneko hainbat irteera egin dituzte aurten ere: Ezkaraira; Olaztira (Nafarroako kanpai-joleen bilkura); Añuara (Araba); Espinosa de los Monterosera (Burgos)… Eta inguruko auzo eta herritako jaietan ere jotzen dituzte, besteak beste, Mendiolan sanjuanetan, Eskoriatzan sanpedrotan eta Andramaixetan ere izango dira. "Iaz Donostiako Tabakaleran ere jo genituen bi egunetan, Ezorduak izeneko jardunaldi batzuen barruan". Eta joandako leku guztietan saiatzen dira kanpandorreak ezagutzen, kanpai-joleekin egoten, haien istorioak jasotzen… 

 

Madinabeitiak argi dauka afizioa ez galtzeko zer egin beharko litzatekeen: "Kanpaiak jotzen utzi egin behar zaio jendeari, orduz kanpo, gura denean… Utzi gustua hartzen eta afizioa sortzen".

Ospakizuna irailaren 2an

Irailaren 2a jarri dute urteurrena ospatzeko data: "Areantzan izango da. Oraindik ez dugu guztia zehaztuta baina kanpai-joaldi musikatua edo antzeztua izango dela bai, eta jole asko gonbidatuko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak