Zibersegurtasun industrialean masterra eta LH zikloa irailetik aurrera

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko uzt. 28a, 10:40
Ezkerretik hasita, Carlos García, Ainhoa Aizpuru eta Ricardo Lamadrid.

Datorren ikasturtetik aurrera, Gipuzkoak zibersegurtasunean espezializatutako formazioa izango du. Bi prestakuntza mota eskainiko dira; masterra eta LH zikloa. 

2017-2018 ikasturtetik aurrera prestakuntza ikastaro eskaintza "aitzindaria" egongo da Gipuzkoan. Helburua  zibersegurtasuneko alorrean etorkizuneko profesional kalifikatuak eta espezializatuak prestatzeko eta trebatzeko aukera ematea izango da. Proiektu "berritzaile" honen aurkezpena egin du Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Carlos García Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariarekin eta Ricardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuaren zuzendariarekin batera.

Prentsaurrekoan helburutzat jo du Ainhoa Aizpuruk azken hilabeteetan ugaritzen ari diren zibererasoen arriskuak direla-eta enpresa industrialen kezkei erantzuna ematea. Horretarako, zibersegurtasuneko alorrean "etorkizuneko profesional kalifikatuen prestaketaren eta trebakuntzaren bidez".

LH ziklo bat eta zibersegurtasun alorreko master bat jarriko dituzte abian, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordetzak eta Mondragon Unibertsitateak. Aldundiak prestakuntza ekimenak bultzatu ditu; izan ere, masterrerako 105.000 euroko laguntza eman du, eta LH ziklorako 60.000 eurokoa.

Ekonomia Sustapeneko Foru Departamentuko arduradunak prestakuntza eskaintzaren "norabide praktikoa" nabarmendu du; izan ere, LH zikloak prestakuntza duala edukiko du, eta Mondragon Unibertsitateko masterrean ikasleek praktikak egingo dituzte ekimen akademiko honekin elkarlanean dabilen enpresetako batean. Bestalde, diputatuak azpimarratu du lurraldeko zibersegurtasun enpresek prestakuntza eskaintza egituratzen lagundu dutela. "Gipuzkoan zibersegurtasun alorrean erreferente diren enpresak daude, aspalditik dabiltzanak alor horretan lanean eta berrikuntzak egiten. Enpresa horien laguntzak eta ezagutzak balioa ematen diote eskainiko den prestakuntzari", gaineratu du.

LH zikloa

Irailetik aurrera Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean abian jarriko den prestakuntzak, zibersegurtasun industrialaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera eskainiko die LHko ikasleei, hala nola, normatiba, arkitekturak, dispositiboak, komunikazioa, eta bestelako oinarrizko gaiak. Prestakuntzak 650 ordu iraungo du, eta prestakuntza dualari esker, ikasleek aukera izango dute ikasketak eta enpresa batean lana aldi berean egiteko.

Masterra

Mondragon Unibertsitateak eskainiko duen Zibersegurtasun masterrak 500 eskola-ordu izango ditu, eta, horrez gain, ikasleek beste 500 orduko amaierako proiektu bat egin beharko dute. Helburua ikasleei beharrezko ezagutzak eta gaitasun praktikoak eskaintzea da, enpresetan zibersegurtasun elementuak sartzen ikas dezaten.Prestakuntza hori era modularrean eskainiko da, hau da, online tresnak edukiko ditu eta, hala, masterra bere osotasunean jarraitu ezingo duten enpresetako profesionalek modulu guztietan parte hartu ahal izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak