Kaleratzeak Stop plataformak araudi berriak gehiago ez atzeratzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko uzt. 30a, 09:58

Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak Eusko Jaurlaritzari deia egin dio, etxebizitzarekin lotutako hainbat araudi berri lehenbailehen sortu ditzan. Hainbat gai nabarmendu ditu plataformak komunikabideei zuzendutako idatzian.

Etxebizitza eskubidearekin lotutako "beharrezko araudiak" gehiago ez atzeratzeko eskatu dio Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak Eusko Jaurlaritzari. Arlo batzuetan araudia behar dela azpimarratu dute, besteak beste: etxebizitza legearen garapena, alokairurako etxebizitza publikoen parkea handitzea, alokairuen prezioen igoera kontrolatzeko neurriak hartzea eta ordezko etxebizitzarik gabeko etxegabetzeak amaitzea.

Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak komunikabideei zuzendutako oharra:

"Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio beharrezkoak diren araudi berriak gehiago ez atzeratzeko. Etxebizitza Legearen garapena, alokairurako etxebizitza publikoen parkea handitzea, alokairuen prezioen igoera kontrolatzeko neurriak hartzea eta ordezko etxebizitzarik gabeko etxegabetzeak amaitzea lortzeko, araudia eman behar da atzerapen gehiagorik gabe.

Euskadiko Etxegabetzeak Stop plataforman baikortzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak, 2015ean onartutako Etxebizitza Legea aplikatze aldera, Etxebide programan izena emanda eskatzaileak diren kideei 3.410 gutun bidali izana. Hala ere ez dugu ulertzen zergatik itxaron den urte bat eta erdi horretarako, batez ere Etxebiden izena emateko unitate familiarreko kideak eta urteko sarrerak deklaratzea beharrezkoa denean.

Dena den, beharrezko baldintzak horren familia gutxik betetzeak bere arrazoi du. Izan ere eusko Jaurlaritzak, legea onartu baino urtebete lehenago (2014), Etxebideko 48.061 kideri harpidetza kendu zien legezko abisuaz, banakako komunikaziorik gabe. Jokabide hau kolokan jarri dute bai tribunal konstituzionalak bai Ararteko berak ere, besteak beste. Euskal etxebizitza Behatokiaren arabera eskatzaileen erdiak ez zekien harpidetza galdu zuenik, ezta horren ondorioz legeak laugarren xedapen iragankorrean baldintza bezala eskatzen duen lau urteko itxaronaldian zuten antzinatasuna galtzen zutenik.

Onartezina da Eusko Jaurlaritza legearen garapena atzeratzen aritzea, Etxebide bertan 44.000 eskatzaile daudenean, horietatik 29.000, 250 euroko laguntza jasotzen ari direlarik. Laguntza horrek etxebizitzarako eskubide subjektiboa ordezkatzen duela suposatzen da, alokairuen gorakada jasaten ari den merkatu pribatuan hileko 250 eurorekin ezer gutxi egin dezakeen arren.

Eusko Jaurlaritzak 9 hilabeteko epea eman zion Etxebizitza sailari elkarte sozialekin Etxebizitza Eskubiderako araudia eta hau ordezkatzeko prestazio ekonomikoa eztabaidatzeko. 9 horietatik 6 hilabete pasa dira eta ez da ezer egin, jaurlaritzak Euskadiko Etxegabetzeak Stop plataformaren proposamena otsailetik dituen arren. Bien bitartean etxegabetzeak areagotzen ari dira, alokairuko etxeetan batez ere. Egoera horren aurrean administrazio publikoak ez dira ordezko etxebizitza ziurtatzen ari kolektibo babesgabeei, horien funtsezko eskubide bat bortxatuz, NBE-k bere ekaineko ebazpenean dioen bezala.

Etxebizitza eskubidea, funtsezko eskubide bat da eta behar-beharrezkoa da Etxebizitza sailak, propagandatik harago, esku artean dugun bizitoki faltaren larrialdiari aurre egitea. Horretarako oinarrizkoa da egunerokoan larrialdi horren ondorioekin lan egiten dugun kolektiboak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak