“Bizipen esanguratsuak” Bergaratik Deriorako martxan

Antolatzaileek adierazi dutenez, bizipenez beteriko martxa izan da Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu! lemapean Bergarako Angiozar auzotik Deriora eginikoa. Lurraren erabilera, elikadura burujabetza eta feminismoaren inguruko gogoetak egin dituzte AHT-aren ibilbidea jarraitu duen martxak.

AHT Gelditu ekimenak beste eragile batzuekin elkarlanean antolatu duen martxa Bergarako Angiozar auzoan hasi zen uztailaren 14ean. Angiozar, AHTaren ibilbidearen korapiloaren erdigunean dago eta “AHTa gaur egun lurraren artifizializazioaren erantzule handiena” delako aukeratu zuten hasiera puntu hau antolatzaileek. Bertatik, hiru egunetan zehar, Via Campesinaren mundu mailako kongresura bidea egin zuten oinez Gipuzkoa eta Bizkaiako lurretan zehar. Ibilbidean, Kanpazarreko harrobia eta Udalaitz azpiko tunel bat ere ikusi dute parte-hartzaileek.

Bizipenen artean, “zementuak lurrari egiten dion mina” guztiona dela adierazi dute antolatzaileek, eta baita “jendarte eredu berri baten beharra dagoela eta hau feminismotik eraikitzeko aukera” ikusi dela. Hiru eguneko elkarbizitza egiteko aukera ere izan da martxa eta emakumeen presentzia eta parte-hartzea handiagoa izan da. Elikadurarekin loturiko bizipenak ere bizi izan dituzte bertan, emakume nekazari batek elikaduraburujabetza.eus webgunea aurkeztu baitu bertan, nekazaritza iraunkor batean lanean ari diren nekazarien gida bat. Honetaz gain, David Hoyos ekonomialariaren hitzaldi bat eta Eneritz Furyak abeslariaren kontzertua ere izan dira, besteak beste, ibilbidean zehar.

Martxaren amaieran, La Via Campesinakoekin batu dira eta hauek Darion egiten ari diren mundu mailako kongresuaren harira, alor ugari daudela elkarren antzekoak adierazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, igandean, uztailaren 23an, goizeko 11:00etan La Via Campesinak Gure herriak elikatzen ditugu eta mundua eraldatzeko mugimendua sortzen dugu lemapean antolatu duen manifestaziora joateko deialdia zabaldu dute martxan parte hartu zuten pertsona eta eragileek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.