Kanon digital berria onartu da

Ministro Kontseiluak onartu du abuztuaren 1ean indarrean sartuko den lege dekretu berria, aurreko urtean Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen legea ordezkatzeko sortua izan dena. Mugikor, CD eta biltegiratze unitatetan gehituko da kanon berria, eta ekoizleek ordaindu beharko dute.

Izan ere, kopia pribatuaren konpentsazio sistema berriak berriz ere euskarrien bitartez konpentsazioa berreskuratu du, baina 2008an ez bezala, ekoizle eta banatzaileek ordaindu beharko dute oraingoan. Honek ez du esan nahi hauek produktuen prezioa igoko ez dutenik kanon berri honi aurre egiteko.

Hala ere, badira hainbat salbuespen. Adibidez, Administrazio publikoak ez du kanona ordaindu beharrik izango, betiere erabilera profesionala egiten bada. Hauetaz gain, azken kontsumitzailea diren pertsona fisiko eta juridikoek ere diruaren itzulpena eskatu ahal izango dute. Hori bai, kanonaren dirua itzultzeko gailua kopia pribaturako erabili ez dela justifikatu beharra dago. Hau da, norberaren edukiak gordetzeko soilik erabili dela. Gainera, ezingo da 25 euro baino gutxiagokoak izan.

Ideia bat izateko, disko gogorrak dira tarifa handiena izango dutenak, 5,45 euro edo 6,45 euro integratua den edo ez, eta CDak gutxiena, 0,10 euro. Mugikorrek 1,10 eurotako kanona izango dute eta Tabletek 3,15. Inprimagailuek ere kanon nahiko altua izango dute beste produktu batzuekin konparatuta, 4,50 eta 5,25 euro artean.

Momentuz, gailu fisikoak bakarrik hartzen ditu kontutan lege berriak, baina hemendik urte batera behin betiko testua onartu arte aldaketak egon daitezke. Erabilera eta garapen teknologiko berrietara moldatzeko aukera zabalik uzten du testuak eta hemendik urte batera egingo den erregulazio berrian, streaming plataformak, sareko biltegiratze sistemak, telebistak eta bestelako gailuak ere sar daitezke kanon berrian.

Lege berria dela eta Garapen eta Jabetza Intelektualerako Elkarteko (Adepi) lehendakariak, Antonio Fernandezek, “Europa mailan azkenengotarikoak gara baina diru gehiago jasoko dugu” esan du hainbat hedabidetara eginiko deklarazioetan, eta gaineratu du gailuei jarritako tarifa desberdinak “baxuak” direla “Europako beste herrialde batzuekin konparatuta, eta batez ere, Frantzia, Alemania eta Holandarekin konparatuz gero”.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.