Antzuolako maldetatik behera, ziztu bizian

Zapatuan lehenengoz egingo dute Antzuolan mendi bizikleta jaitsiera lasterketa, 'Down Hill' deritzona. Hainbat antzuolar daude Euskadiko Open barruan lider, eta etxeko zirkuitua inork baino hobeto ezagutzen dute, eurek egina da-eta. 

Debagoienean ia modalitate guztietako bizikleta lasterketak daude: errepidekoak, mendi bizikletakoak, endurokoak, pinoi bakarrekoak... Baina, DH lasterketa falta zen, Down Hill deritzona, eta horri bihar, zapatua, Antzuolan jarriko diote erremedioa: "Euskadiko Openeko lasterketa guztiak Bilbo aldean egiten dituzte, eta herrian hainbat lagun gabiltzanez halako jaitsierak egiten, gurean zirkuitua prestatuta geneukan. Bada, asko ziren lasterketa antolatzera animatzen gintuztenak, zirkuitua izanda gainontzekoa erraz egiten dela esanda, eta azkenean animatu egin gara. Lur-sailen jabeekin berba egin, baimenak eskatu, eta Udalaren eta Lokatza Ziklismo Eskolaren babesarekin lasterketa izango da zapatuan Antzuolan", dio Manu Castrok.

"Denetik du zirkuituak" 

Euskadiko Openean dabiltzan pilotuak zirkuitu berrien gose dira, eta Antzuolan izango dute non gozatu: "Zirkuituak ia bi kilometro ditu, eta denetik du: zati teknikoak, jauziak, trialerak, peraltedun kurbak, zona azkarrak... Topera jaitsi izan dugunean hiru minutu eta erdiren bueltan ibili izan gara, baina akats txiki bat egiten denean denbora asko galtzen da, lau minutura joaten gara".

Goiz eta arratsalde

Bihar, zapatua, 85 pilotu inguru espero dituzte Antzuolako DH lasterketan: "Goizean entrenamendu saioak izango dira, zirkuitua ezagutzeko. 15:00etan, berriz, sailkapen fasea izango da eta 17:00etan finalak jokatuko ditugu. Ondoren, 19:00etan sari banaketa ekitaldia egitea aurreikusten dugu, herrian". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.