Ekitaldiak 'Eltzikorta'-ren, Usandizagaren, Ugarteren eta Gazteluren askatasuna eskatzeko

Maite Txintxurreta 2017ko uzt. 1a, 18:49

Espetxean 20 daramatzaten debagoiendarrak 1997an atxilotu zituzten, Ortega Lara kartzela funtzionarioa bahitzea leporatuta, 2015ean zendu zen Josu Uribeetxeberria arrasatearrarekin batera. Egunotan eurak gogoan izateko ekitaldiak antolatu dituzte euren herrietan, Antzuolan, Oñatin eta Bergaran, hurrenez hurren.

1997an hogeita hamarna urteko espetxe zigorra ezarri zieten Jose Luis Erostegi Eltzikorta antzuolarrari, Xabier Ugarte eta Sabin Usandizaga oñatiarrei, Joxe Migel Gaztelu bergararrari eta Josu Uribeetxeberria arrasatearrari. Bada, espetxeratze horretatik 20 urte betetzen diren honetan, eurek gogoan izan dituzte egunotan Debagoienean egin dituzten ekitaldietan, euren egoera salatuz eta kartzela zigorra etetea eskatuz.

Hala, gaur Antzuolan eta Oñatin egin dituzte ekitaldiak, eta atzo Bergaran Gazteluren etxeratzea eskatzeko mosaiko bat egin zuten San Martin Plazan, Gaztelu gure artera taldeak antolatuta.

Antzuolako ekitaldia

Antzuolako Ez dot moztuko bizarra taldeak antolatuta, Joseba Erostegi Eltzikorta presoari eskainitako ekitaldi bat egin dute Zurrategi plazan, Eltzikortaren egoera salatu eta presoen etxeratzea eskatzeko.

Eltzikortaren espetxeratzearen 20 urte betetzen diren honetan, aitortza egin nahi izan die haren senitartekoei. Hala, kioskoko  ekitaldian aurreskua dantzatu diete, eta arrosa sorta bana eta oparia banatu.

Ekitaldi berezi horretan Herrera de la Manchako espetxean Eltzikortarekin batera preso egon ziren Xabier Aranburu Xomorro eta Pakito Lujanbio presoek ere hartu dute hitza, antzuolarrarekin bizi izandako anekdotak eta kartzelako bizitzaren nondik norakoak jendaurrean kontatzeko. Besteak beste, honako oroitzapenak partekatu ditu Aranburuk: "Gogoratzen dut 2002 edo 2003 inguruan etorri zela Herrera de la Manchara, gu ordurako han geundela, eta modulu berean egokitu zitzaigula; hala, pixkanaka elkar ezagutzen joan ginen. Eguneroko borrokatxoak aurrera eramaten genituen: dispertsioaren aurkakoak, espetxeko baldintzak hobetzera bideratutakoak... Gogoan dut ere, esaterako, zenbat maite dituen euskal historiari buruzko liburuak. Kirolzale amorratua ere bazen, galtzea gustatzen ez zitzaiona, eta hor aritzen ginen pilotan, polikiroldegian... Egia esan, oso ondo konpontzen ginen".

Testigantza horien ostean bertsolariek hartu dute mikrofonoa, bertsotan aldarrikatuz Eltzikotaren espetxealdia "behingoz bukatu dadila".

Bukatzeko, Joseba Erostegik berak kartzelan idatzitako gutun bat irakurri dute, zeinetan herrikideei eskerrak eman dizkien erakutsitako elkartasunagatik eta "hasitako bide berritik borrokan jarraitzera" animatzen zituen.

Hala, Zurrategiko ekitaldiaren ostean, bi bideo proiektatu dituzte Olaranen, duela bi urte pasa minbiziaz hil zen Josu Uribeetxeberria arrasatearra omentzeko bata, eta Eltzikortari berari buruzkoa bestea, hainbat antzuolarrek iaz Herrera de la Manchara egindako martxako irudiekin osatua.

Oñatin, Ugarte eta Usandizaga gogoan

Oñatin, berriz, bi herrikide izan dituzte gogoan: Xabier Ugarte eta Sabin Usandizaga. Ugarte Topaseko (Salamanca) espetxean dago preso, eta Usandizaga, berriz, Kordobakoan.

Foruen plazako kioskoan egindako ekitaldian, biek 20 urte daramatzatela preso gogoratu dute, "20 urte urrunduta eta eskubiderik gabe". Era berean, euskal presoen dispertsioa salatu dute: "Sakabanaketa estatuen mendeku politikan oinarritzen da. Hala, zigor bilakatu da presoendako eurendako eta baita beraien familia eta lagunentzako ere. Hori ere salatu nahi dugu gaurko ekitaldi honetan: sakabanaketa politikaz amaitu behar da".

Segidan, Ugarte eta Usandizagaren senitartekoei aurreskua dantzatu diete, eta lore eskaintza egin. Familiartekoei eginiko aitortza horren ostean, Sabin Usandizagaren kuadrillakoen txanda iritsi da, eta horiek salatu dute hogei urteotan ezin izan dutela laguna besarkatu. Geroago, kuadrillako horiek Sabinek idatzitako gutun bat ere irakurri dute.

Joxe Mari Olarra eta Iñaki Zugadi preso ohiek, euren aldetik, Oñatiko presoekin espetxean bizi izandakoak kontatu dituzte jendaurrean.

Ekitaldia bukatzeko, bertsolariak igo dira taula gainera, eta hauek ere presoen etxeratzea eskatu dute, lagun eta familiartekoei elkartasuna adieraziz.

Bukatzeko, kartzelan 25 urte daramatzan Joseba Arregi preso oñatiarra ere gogoan izan gura izan dute, eta presoei elkartasuna adierazteko eta "indarrak batzeko" garaia dela azpimarratu nahi izan dute.

Gazteluren aldeko argazki erraldoia bihar

Bergaran, berriz, Joxe Migel Gaztelu herrikidearen etxeratzea eskatuaz mosaiko bat osatu zuten atzo iluntzean San Martin plazan, Gure Artera Gaztelu taldeak antolatuta. Aurrez, kartelada ere egin zuten, eta bihar, San Martzialgo erromeria izango denez, San Martzialgo zelaian Gazteluren aldeko argazki erraldoi bat atera nahi dute, iaz egin zuten bezala. 13:00etarako egin dute deialdia.

(argazkia: Gure Artera Gaztelu)

Erlazionatuak

'Eltzikorta'-k 20 urte espetxean

Maite Txintxurreta 2017 uzt 01 Antzuola

20 urte Ortega Lara askatu zutela

Xabi Gorostidi 2017 eka 30 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak