Bertso eskola mugikorrean

Bertsoak sortzen laguntzeko hainbat aplikazio daude merkatuan, errimak gorde, oinak jarri, sinonimoak bilatu eta silabak kontatzen dituztenak besteak beste. Edozein tokitan, mugikorrarekin, ariketak egin edo errimategia eskura edukitzeko aukera.

Askotariko erabilera duten aplikazioz beterik dago merkatua eta askotan gai berri eta berritzaileekin lotzen dira, ‘frikiekin’. Baina badira tradizioarekin eta kulturarekin loturiko batzuk ere, gure tradizio, kultura edo folklorearekin loturikoak ere. Baita bertsolaritzari loturikoak ere.

Bertso Errimategia, izenak dioen bezala, errimak gordetzeko liburutegi bat da. Norberak aukeratutako errimak gordetzen ditu eta oinaren arabera gorde. Hitzaren edo oinaren arabera egin daitezke bilaketak eta modu aleatorioan ere erakusten ditu errimak hitz hauetatik abiatuta bertsoak sortzera jolasteko. Oso antzekoa da Bertso Oin Bilatzailea aplikazioa. 

Aukera gehien ematen dituena SegaPoto izenekoa da. Bertan bertsoak idatzi daitezke eta idatzi ahala, silabak kontatzen ditu neurrira egokitzeko. Honen ostean, neurri honi dagozkion doinuak proposatzen ditu. Gainera, errima bilatzaile bat ere badu eta baita sinonimo bilatzaile bat. Honetaz gain, erregistratuta egonez gero, bertsoak gordetzeko aukera du.

Azkenik, Bertsoapp aplikazioak oinekin jolasteko aukera ematen du. Funtzionamendua sinplea da, oin gabeko bertso bat aurkezten du eta norberak oinak jarri behar dizkio dagokion lekuan, bertsoak zentzua izan dezan. Ez du denbora mugarik eta bertsoak gairik gabe daude jarrita, beraz, batzuetan zaila gerta daiteke dagokion testuinguruan jartzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.