Ezagunak ez diren Google zerbitzuak

Google bere zerbitzuak hedatzen ari da etengabe, eta nahi adina sortu eta desegiten ditu urtean zehar. Asko ez dira mundu osora hedatzen, eta beste askok ez dute izan beharko luketen oihartzuna lortzen nahiz eta benetan erabilgarriak izan. Horietariko batzuk aipatzen dira jarraian, esaterako, Kanban estiloko sarrera ontzi bat, marrazteko zerbitzuak, baita etxe batek izan dezakeen eguzki energia kalkulatzeko ere.

Ezagunak dira Mountain Viewko enpresa erraldoi honen hainbat zerbitzu, Android sistema eragilea, Google bilatzailea eta Gmail posta elektroniko kudeatzailea adibidez. Baina Alphabet enpresak, Google bezala ezagunagoa, beste hainbat proiektu jarri ditu eskuragarri.

Hauetariko batzuk artearekin lotuak daude. Autodraw eskuz marraztutako marrazkiei hobekuntzak egiteko aplikazioa da. Saguarekin ordenagailuan marrazterakoan zerbitzuak formak irakurtzen ditu eta hauekin lotutako irudiak iradokitzen ditu, zirriborroak era erraz eta argi batean sortzeko aukera emanez. Artearekin zerikusia du Google Arts & Culture orriak, non artearen inguruko berriak, proiektuak, historia eta esperimentuak elkartzen diren. Diseinuaren aldetik tira eginez gero, Google Fonts aurkitu daiteke, letra-tipo desberdinak doan jaisteko aukera ematen duen zerbitzua.

Beste era bateko zerbitzua da Drag. Chrome nabigatzailerako gehigarria den zerbitzu honek Gmaileko sarrera ontzia Kanban metodologiaren arabera antolatzen du, hau da, egiteko, egiten eta eginda dauden arabera antolatzen uzten du sarrera ontzia, produktibitateko tresna bat bihurtuz. Hau da, sarrera ontzian hiru zutabe sortzen ditu eta mezu bakoitzak suposatzen duen lanaren egoeraren arabera antolatzen uzten du.

Azkenik, bi zerbitzu oso desberdin baina aipagarri dira Project Sunroof eta Google Santa Tracker. Lehena, eguzki energia optimizatze aldera, norbera bizi den lekuko eguzki orduak eta honek izan ditzakeen energia erabilerak aztertzen dituen zerbitzua da. Oraindik ez dago Euskal Herrian eskuragarri baina zerbitzu interesgarria litzake. Bigarrena aldiz, Gabonak urrun egon arren ere hainbat jolasez osatutako zerbitzua da, jolas txikiz osatutako Gabonetan girotutako ibilbide bat osatzean datza.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.