Email helbideak bilatzeko tresna

Jokin Guridi 2017ko eka. 23a, 13:11

Erakundeekin kontaktuan jartzeko aukera bat gehiago da emaila erabiltzea, baina askotan, ez dira bistara egoten. Webguneetan helbideak bilatzeko tresnak daude zeregin hau errazagoa egiteko.

Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dute emaila komunikazio tresna bezala, telefonoaren ordez. Hala ere, askotan, enpresa batekin edo bestelako erakunderen batekin kontaktuan jartzeko email zuzena aurkitzea ez da samurra izaten. Webguneek kontaktu formularioak izaten dituzte eta beti gelditzen da norbaitek irakurriko ote duen sentsazioa formulario hauek erabiltzean. Gainera, formulario hauek nahiko mugatuak izaten dira eta testuaren luzera mugatu edo dokumentuak sartzeko gaitasunik falta izaten dute esaterako.

Hau ekiditeko trikimailu zahar bat lege oharretan barrena email helbideren bat bilatzea da, enpresak badira eta webguneak lege oharra badu behintzat, edo webguneetan barrena arakatzen ibiltzea ea helbideren bat agertzen den. Honek denbora gehiegi eramaten du eta askotan ez da esperotako emaitza lortzen. Bilaketa hau era azkar batean egiteko, Hunter bezalako zerbitzuak erabili daitezke.

Zerbitzu honek, domeinu bat emanda erlazionatutako email helbideak bilatzen ditu. Bilatzaileak helbideak eta non aurkitu dituen esaten du eta baita nolako fidagarritasuna duen itzulitako helbideak kolore kode baten bitartez. Gainera, email helbideak frogatu eta berresteko aukera ematen du. Honetaz gain, Chromerako gehigarri bat ere badu eta LinkedIneko profilen email helbideak ere bila ditzake. Zerbitzua doakoa da 100 bilaketa hilabetean bete arte, hortik aurrera erabiltzen jarraitu nahi bada ordainpeko zerbitzua erosi beharra dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak