Babes zibileko kideek emandako jarraibideak errespetatzeko eskatu dute; hona hemen aholkuak:
- Surik ez piztu elementu hauetatik gertu: ibilgailuak, eraikinak, beirateak, gas hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak, edota landaredia.
- Suaren ingurua garbi mantendu, zabaldu ez dadin.
- Suan ez pilatu lau metrotik gorako materialik.
- Surik ez egin haize handia badabil.
- Surik ez piztu likido sukoiak erabilita; papera edo lasto zaharra erabili. Ahal dela ez erabili ehunak, plastiko birutak edo konfetiak, haizeak mugitu baititzake.
- Ez bota sutara piroteknia objekturik, eta gertu ere ez eduki. Ezta spray, ontzi, lata, neumatiko, zabor edo plastikorik ere –ke toxikoa sortzeko arriskua dute-.
- Pertsona heldu bat egon dadila beti sua gainbegiratzen.
- Prebentzio neurri gisa, prest eduki su-itzalgailu bat edo ur mangera bat.
- Jaia bukatzean, egiaztatu ez dela txingarrik edo hausberorik, ura, harea zein lurra erabiliz horretarako. Norbere ardura da sua itzaltzea.
- Ezbehar edo larrialdirik izanez gero, 112 telefonora deitu –SOS Deiak-.
Era berean, kontu berezia eskatu dute parkeetan eta zuhaitz askoko guneetan, sasiak eta lurra oso lehor daudelako azken egunotako eguraldiaren ondorioz.
Erreten berezia Arrasaten
Su artifizialak botako dituzten herrietan, besteak beste, Arrasaten, Olaberrian eta Tolosan, erreten berezia egongo da, eta Gipuzkoako suhiltzaileen zortzi parkeak "adi eta prest" egongo direla jakinarazi du Imanol Lasak, Gobernantza eta Komunikazioko diputatuak. Iaz zortzi esku-hartze egin zituzten foru suhiltzaileek baina ez ziren larriak izan.