Leixargaratera 37 minutuan, egin apustu!

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 9a, 06:00
Urtero moduan, zapatuan giro polita egongo da Eskoriatzako plazan; erretratuan, iaz, korrikalariak helmugara bidean. i. soriano

Bihar, zapatua, egingo dute Gabez Takarraran lasterketa Eskoriatzan (23:00), eta aurten, Eskoriatza eta Leixargarate arteko zatirako bota dute erronka; lasterketa hasi baino apur bat lehenago izena eman ahalko da

Takarraraneko antolatzaileek antolatutako porran –Eskoriatzako tabernetan, euro baten truke– apustu serioa egin gura duenak izan dezala kontuan titularreko denbora, Iñaki Uribe-etxeberriak berak emandakoa da eta: "Ahaztu samar daukat erreferentzia hori, baina azkarrena hor inguruan ibiliko da", dio, barrez. Izan ere, biharko lasterketan Atxorrotxera beharrean Leixargaratera dagoen tartea kronometratuko dute antolatzaileek.

Gazteak, nagusiekin batera 

Nobedadeetako bat da bihar gazteak nagusiekin batera hasiko direla korrika: "Aurreko edizioetan apur bat lehenago irteten ziren, eta bakarrik geratzen ziren segituan, eta gauez ez da erosoena [Barre]. Horri buelta bat eman gura izan diogu, eta nagusiekin batera irtengo dira orain, jendearekin batera joan daitezen".  

Elkarrizketa: 

Iñaki Uribe-etxeberria: "Asentzion aldaketa txiki bat izango da"

Duela hilabete batzuetako haizeteak kalte handiak eragin zituen, besteak beste, Asentzion. Eta horrek hainbat aldaketa egitera derrigortu ditu antolatzaileak. 

Ze giro espero duzue zapaturako? 

Iragarpenak onak dira, edizio ia guztietan zortea izan dugu zentzu horretan.

Asentzio inguruan, baina, aldaketak egingo dituzue. 

Bidean oraindik pinu asko daude traban. Apotzaga aldera sartu behar izan dugu bidea, eta kilometro bat luzeagoa izango da, 23 kilometro pasa inguru izango ditu.

Bidea markatuta, inoiz baino erreferentzia gehiago izango dituzte korrikalariek.

Bai; 50 metroan behin erreferentzia bat jarriko dugu: zintak, barratxo fluoreszenteak, eguzki izpiekin kargatzen diren lanparatxoak... Indartu egin dugu arlo hori.

Eguaztenerako 60 lagun zeuden izena emanda. 

Eguraldiaren zain egoten dira asko, espero dugu azken orduan jendea animatuko dela, iaz ere halaxe izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak