Youtuber ofizioa arriskuan

Badirudi zenbait youtuberrentzat bukatzen ari dela urrezko aroa, batez ere, plataformak iragarkiak jartzen dituzten enpresekin izandako azken liskarrak direla eta. Zenbait youtuberrek beraien kanalen errentagarritasuna jaisten nola doan ikusten ari dira eta honek, eredu baten azkena suposa dezake.

Azken hilabeteetan zehar hainbat enpresa handi izan dira Youtubetik bere iragarkiak kentzeko mehatxua egin dutenak, beraien iragarkiak eduki arrazista, homofobo edo bortitzetan agertzen direlako. Enpresa hauek ez dute beraien irudia horrelako edukiekin erlazionatua ikustea nahi eta Youtubeko algoritmoak, orain dela gutxi arte, ez zituen bideoak edukiaren arabera diskriminatzen erreprodukzioen arabera baizik. Beraz, erreprodukzio asko zituen bideoetan enpresa hauen publizitatea sartzen zuten edukia zein den begiratu gabe.

Enpresa hauen mehatxuen ondorioz, Google erraldoiaren zerbitzua den Youtube erabaki bat hartu beharrean aurkitu da, eta jarrera kontserbadore bat hartzea aukeratu du. Hau da, algoritmoa aldatu du seguruak ez diren edukietan iragarkiak ez agertzeko eta bakarrik, seguruak kontsideratzen dituen edukietan agertzeko. Esaterako, youtubeko kanal batean biraoak edo eduki bortitzak agertzen badira, publizitate zirkuitutik kanpo uzten du kanala. Erabaki honek hainbat youtuberren diru sarrerak izugarri jaistea ekarri du, batez ere, nerabeei zuzendutako kanaletan, nolabait hizkuntza ‘ganberroa’ erabiltzen dutelako, eta bideojokoetako kanaletan, joko hauek izaten dituzten eduki gogor eta esplizituengatik.

Honekin batera, beste aldaketa bat ere jarri du martxan Youtubek: publizitate bidezko diru sarrerak izateko oraindik aurrera 10.000 harpide izan behar du kanalak. Hau nolabait kalitatea bermatzeko modu bat bezala agertu den arren, badira hainbat youtuber erabaki hau mehatxu moduan hartu eta bere baitako elementu deserosoen garbiketa prozesu bat bezala ikusi dutenak. Publizitate sarrerak bermatu ezean, hainbat youtuberrek beraien ofizioa arriskuan ikusten dute eta bada ofizio honen azkena izango ote den galdetzen denik ere.

Argi gelditu dena da Youtubek nahiago dituela publizitatea ekartzen duten enpresak mantentzea erreprodukzioak ekartzen dizkion komunitate bat baino. Izan ere, aldaketa hauek eragiten dieten youtuberrak bideo plataformaren negozioaren zati txiki bat besterik ez dira eta nahiago du diru sarrerak mantendu, milioika jarraitzaile dituzten plataformak mantentzea baino. Monetizatu ezin baditu behintzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.