Tori.eus, fitxategiak partekatzeko euskarazko doako zerbitzua

Tori.eus

WeTransfer ezagunaren pareko euskalduna sortu dute PuntuEUS Fundazioa eta dinahosting.com erakundeek lankidetzan. Euskaraz izateaz gain, guztiz doakoa da Tori.eus-ek eskaintzen duen zerbitzua. 

Pasa den asteazkenean, Azpeitian egin zen II. Internet Eguna aprobetxatuz PuntuEUS Fundazioak Tori.eus, fitxategiak online partekatzeko zerbitzua da aurkeztu zuen. Orain artean ez zen euskarazko horrelako zerbitzurik existitzen; era honetako zerbitzu gehienak ingelesez daude, eta gutxi batzuk gaztelaniaz, Tori.eus-ek euskarazko hutsunea beteko du. Gainera, ez da ordainpeko bertsiorik egongo, hau da, Tori.eus-ek eskaintzen duen guztia eskuragarri izango dute erabiltzaileek ezer ordaindu gabe.

2Gb arteko fitxategiak partekatu ahal izango dira. Prozesua oso erraza da, bidaltzailearen emaila idatzi, fitxategiei buruzko informazio mezua idatzi, fitxategiak gehitu eta Tori!

Aukera aurreratuak
Modu erraz eta azkarrean erabiltzeko diseinatuta dago Tori.eus. Baina nahi izanez gero, bidalitako fitxategiak gehiago babesteko aukera gehigarriak ere eskaintzen ditu: bidali nahi diren dokumentu, argazki edo bideoak zifratzeko aukera eskaintzen du pasahitz bat ezarriz; honetaz gain, deskargatzeko epemuga ezberdinak (gaur, bihar, astebete edo 15 egun) zehaztu daitezke eta baita deskarga kopurua mugatu.

Aukera aurreratuetan, ikusgarritasuna zehazte aukera ere eskaintzen du zerbitzuak. Horrela, fitxategiak publikoak diren edo soilik bidalitako helbideetatik deskargatzeko aukera eskaini nahi den zehaztu daiteke.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.