Paco Garcia: "Sanchez ez zen nire hautagaia, baina nire laguntza izango du partidu sozialista josten"

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mai. 22a, 13:17

Pedro Sanchez itzuliko da PSOEren idazkari nagusi izatera. Botoen erdiak baino gehiago lortuta eta hamar puntuko aldearekin irabazi dio Susana Diazi, eta Patxi Lopez ez da iritsi botoen %10a eskuratzera. Debagoienean, aldiz, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, Lopezek jaso ditu botoen gehiengoa. Arrasaten %60a zehazki.

Espainiako Gorteetarako bozetan emaitza kaskarrak lortu eta gero, iazko urrian utzi zuen idazkaritza nagusia Pedro Sanchezek. Ordurako, eta urriaz geroztik, giro gaiztotua izan dute Sanchezek eta Susana Diazek.

Atzoko bozketan, baina, hamar puntuko aldearekin irabazi dio Sanchezek Diazi. Patxi Lopez, berriz, ez da ailegatu %10era. Parte hartzeari dagokionez, %80koa izan da Espainian eta emaitza orokor horien balorazio positiboa egin du Patxi Lopez bermatu duen Paco Garcia arrasatearrak. Adierazi du sozialistek beste behin erakutsi dutela "demokratak" direla, prozesuak "garbi" egiten dituztela, eta hauxe gaineratu du: “Modu positiboan baloratzen dut atzo egun guztian izandako jardunaldia eta gure idazkari nagusia zoriondu nahi dut. Pedro ez zen nire hautagaia, behin baino gehiagotan publiko egin dudan bezala, baina Pedrok nigan dauka Arrasateko laguntza guztia, bere kudeaketan laguntzeko eta orain esaten ari den bezala, partidu sozialista josteko”.

Debagoienean, Lopez nagusi

Bailara honetan, hala ere, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, Patxi Lopezek jaso du boto kantitate handiena. Debagoieneko hiru elkarteetan lortu ditu botoen gehiengoa Lopezek; Arrasaten, Bergara-Antzuolan eta Aretxabaleta-Eskoriatzan. Arrasaten, esaterako %70ekoa izan da parte-hartzea: Lopezek botoen %60ko babesa jaso du; Sanchezek %37koa; eta Diazek %2,8koa. “Bailarako datuak modu positiboan baloratzen ditut, baita Gipuzkoakoak eta Euskadikoak ere. Gehiengoak idazkari nagusi izateko Patxiren aldeko apustua egin genuen, ez da izan horrela, baina horrek ez dio baliorik kentzen militanteek Patxirengatik erakutsi duten babesari. Gainera, Patxik bart erakutsi zuen bere idazkari nagusiaren esanetara dagoela”, adierazi du Garciak.

Partidu sozialistaren etorkizuna

Orain, berriz, zer gertatuko den? PSOEren zuzendaritza berria —Batzorde Exekutiboa— ekainaren 17 eta 18an hautatuko dute, Kongresu batean; kasu horretan, federazioetako delegatuek aukeratuko dute. Hautagaien zerrenda idazkari nagusiak aurkeztuko du, normalean beste sektoreekin adostua. Kongresuan, berriz, idazkari nagusia karguan berretsi ala ez erabakiko dute delegatuek; haiena da, beraz, azken hitza.

“Nik ikusten dut partidu sozialistak aurrera jarraituko duela. 138 urtetako bizia dauka. Batzuk uste baldin bazuten hil egin behar zela, partidu sozialista ez da hilko. Nik ikusten dut partidu sozialista bateratu bat, gihartsua eta indartsua, eskuinari aurre egiteko”, azaldu du Garciak.

Sanchezen garaipenak dagoeneko izan ditu lehen ondorioak; dimisioa eman du Antonio Hernandok, PSOEren bozeramaileak Espainiako Kongresuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak