Jose Antonio Aperribai: "Landareentzako bi toki bereziak direnak badaude Debagoienean: Udalatx eta Araotz"

Jose Antonio Aperribai erdian, diploma eta domina jasotzeko ekitaldian, Bergaran.

Bergarako Industri Maisutzan ikasitakoa, teknikaria lanbidez, eta botanikan zale amorratu, aditu bilakatzeraino. Jose Antonio Aperribai Gallastegi (Bergara, 1945) Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatu dute, botanika arloan egindako ekarpenarengatik: 3.000 paper-orri baino gehiago dituen herbarioa egin du.

1983an ekindako zeregin-lanketa izugarri horri aitortza akademikoa ematen diotela esango zenuke, are gehiago, autodidakta izanda?
Bai. Hainbeste urtetan egindako lan isilari nolabait aitortza ematea eskertzekoa da. Adiskideen Elkartean sartzea niretzat ohore handia da,   zer eta nolako jendea dagoen barruan ikusita bakarrik, eta ze historia izan duen jakinda, adibidez Wolframioa  isolatzea lortzea, penintsulan isolatu den metal bakarra… kontuan hartuta, elkarte hori ez da edozer gauza.

Informatizatuta, non dago? Edozeinen eskura? Euskal Herrian dagoen osatuena da?
Herbarioa  Bergaran dago 60 metroko lokaltxo batean. Fisikoki han gordetzen dut, espezie bakoitza plegu batean sartuta dago, familia eta generoka ordenatuta, bakoitza bere fitxarekin lehenego eskuz  egindakoa eta gero informatizatutakoarekin,  datu guztiekin barra kode eta guzti: non hartu den, ze egunetan, ze lur motatan, orientazioa, habitata, altuera , geoerrefentzentzia, eta abar… Hezetasun aldetik ondo kontrolatuta dago bilduma, baldintza onetan, eta kaxetan gordeta.  Mikrofitofagoek  kontrolatzeko, noizean behin izozkailuan egonaldi bat egiten dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko osatuena da?
Ez. Euskal Herrian beste batzuk daude, EHUn  eta Aranzadin ere badugu, 80.000 plegu ingurukoa . Kontuan hartu behar da,  urte eta jende askoren lana dela. Beharbada neuk egindako lanak garrantzia hartu du, batetik, ogibidetik aparte egindakoa delako, eta beste alde batetik, Gipuzkoarako  landare berri dezentetxo bat daudelako tartean.

Baduzu kuttunen bat?
Bai, Rubus laciniatus izan daiteke bat. Berezitasun handia du Arrasate eta Aramaio artean topatutakoa landare horrek, orain 24 urte dela, eta oraingoz ez delako Iberiar penintsulan besterik agertu. Sasi bat da, eta sasien identifikazioa nahiko konplikatua da; bagenekien Madrilgo Lorategi Botanikoan sasitan espezialista bat zegoela eta hara bidali genuen identifikazioa egiteko. Han ikusi zuten Rubus laciniatus zela. Eta Lorategi Botanikoak kudeatzen duen Flora Iberica proiektuaren orri elektronikoaren erregistroan, penintsularako bakarra izaten jarraitzen du. Nola ailegatu zen hona ez dakit, baina Europa erdi-iparraldeko landare bat da. Dirudienez nonbaiten kultibatzen da, baina nik ez dut sekula ikusi.

Oraindik existitzen da?
Hori ez dakit. Aspalditxoan ez naiz ikustera joan eta konprobatu beharrean nago.

Zeuk ezagutu dituzun horrenbeste landare, zuhaitzen… artean bada kanpoko faktoreen eraginez aldatu denik?
Ba badaude, bai. Adibidez, orain urte batzuk Zubillagako Txareta, Urkulu erreka datorren bailara txikian topatu nuen  Timus vulgaris (tomilloa) . Hemen oso arraroa da eta bazeuden dozena erdi landare inguru, baina poliki-poliki pinuen eta akazien gerizpeek jaten ari dira. Ibiltzen naiz garbitzen, baina eguzki begia behar du eta  lasterrago edo beranduxeago galtzera doaz . Ullibarri ingurutik aurrera  topatzen dira eta Arabako zenbait tokitan ugaria da, baina Gipuzkoan den bakarra galtzera doa. Inguruan badira eguzki begiak diren parajeak eta balitzake horietan egotea, eta begiratu beharra dago ia topatzen dudan.   

Gure ingurua zelakoa da?
Gure ingurua Kantauriar itsasoaren klimak moldatzen du eta horrek eragindako landaretza daukagu.  Baina landareentzako bi toki  bereziak direnak badaude. Bata da Udalatx,  kareharrizko mendietako flora ederra eta berezia duena. Eta benetan ikusgarriak izaten dira sasoi onetan harriarteko desertuan topatu ditzakegun lora bereziak. Beste aldetik Udalatxek Quercus coccifera, abaritza, altxor txikia gordetzen du. Zeharo Mediterraneoko zuhaixka bat da eta zergatik hemen dagon ez da erreza jakitea, baina dirudienez azken glaziazio aurretik zegoen landaretzaren arrasto bat izan daiteke. Acer monspessulanum, astigar frantsesa; Salvia verbenaca eta Marrubium vulgare, besteak beste hain arraroa direnak.

Eta bestea  Araotz ingurua da. Landareek , paraje bakoitzean  zer klima eta lur klase dagoen esaten dute eta Araotzekoek  garbi asko Mediterraneo influentzia duen mikroklima  badagoela esaten diote. Cynosurus elegans graminea bat, eta Ranunculus gramineus, ranunkuloa, orain zeharo horiz loratua egongo dena, Argyrolobium zanoni lekaduna, Arabis turrita, kruzifera, Pistacia terebinthus, erdi-orienteko  zuhaixka, Lonicera etrusca aixena, Prunus mahaleb, Santa Lutxia geondoa, Ophrys sphegodes eta Neotenia maculata orkideak, Ononis pusilla lekaduna, eta abar eta abar Gipuzkoarako lehendabizi izendatuak izan direnak.
 
Zergatik ibili hostoak biltzen? Hori guztiontzako aberasgarria da, esan zuen, besteak beste, 2008an, zure lokalaren inaugurazio ekitaldian Aranzadiko botanika saileko presidente Iñaki Aizpuruk. Zergatik, Jose Antonio?
Dugun biodibertsitatea gordetzeko  lehendabizi zer dagoen jakitea ezinbestekoa delako. Eta hartarako floraren katalogo zehatza eta zabala behar da. Baita gerorakoak, landaretzak zer eboluzio eraman duen jakiteko ikerketak aurrera eramateko oinarri bezala, eta abar.  

Beste aldetik, didaktikoa izan daiteke. Eta orain, zientzia  herritarrengana hurbildu eta partekatzea ulertzeko modu berriarekin, gehiago. Adibidez landareen biodibertsitatea kudeatzeko, landare inbaditzaileak ezagutu eta kentzeko, eta  zeintzuk diren babestu behar direnak ezagutzeko. Zientzia herriratze hartan Ilustrazioaren bidean, Peñafloridako Kondea eta Bascongadakoek XVIII mendean Bergarako Seminarioa jarri zutenean, haiek aurreratu batzuk izan ziren.

3.000 paper orri dituzu, baina zenbat lanordu?
Ba ez dakit, baina asko izango dira neronek sartutakoak eta familiari kendutakoak. Merituaren zati handi bat eurena da, batez ere emaztearena. Zenbat bider zapatu edo domeka goizean mendira joaten nintzen eta arratsaldetan beste hainbeste ordu Seminarioan neukan bilduman lanean igarotzen nituen landareak identifikatzen, etiketa egiten, datuak jartzen eta prentsan jartzen. Eta herbarioan sarritan ordu gehiago egiten ditut identifikatzeko lanean eta dudak bibliografian kontsultak eta kontrasteak egiten argitzen. Kanpoko, mendiko orduak naturarekin kontaktuan alaienak  eta errazagoak  izaten dira baina herbariokoak beharbada astunagoak. Eta lanetik kanpoko lana zela kontuan hartuta gehiago! Baina noizbehinka poz ederrak ere ematen ditu espezie berria dela katalogoan ziurtatu egiten duzunean, adibidez. Orain ostera lasaiago ibiltzen naiz asti gehiago dudalako, eta herbarioa gehienetan bake-oasia bihurtu da.

Besterik nahi duzu gaineratu?

Bukatzeko, norbaitek nahi badu herbarioa ikusi edo kontsultatu, etortzera animatuko nuke. Ateak zabalik egoten dira.



ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.