Adinez, antzuolarrak, hirugarren urteko kadeteak dira; eta oñatiarrak, lehenengo urtekoak. Baina talde bereko jokalariak izan dira: ohorezko kadete mailakoak. Guztiendako, lehen urtea izan da Eibarren. Nagore Otaduik, Uxue Iparragirrek eta Jone Jauregik Antzuolan talde barik geratu zirenean erabaki zuten talde armaginera joatea. Oñatiarren kasua ezberdina da: kadete mailako torneo baten eibartarrekin jokatzeko gonbidapena jaso zuten, eta, ostean, Aloña Mendi utzi eta Eibarrera joatea erabaki zuten.
Denboraldi borobila
Ikasteko eta esperientzia berriak bizi izateko asmotan hasi zuten denboraldia; eta taldeak egin duen lana ikusgarria izan da: 23 lehia irabazi dituzte, bat berdindu eta bi galdu. Guztira, 70 puntu. 81 gol alde eta 13 kontra. "Taldea oso orekatua da. Baina, egin duten lana egin ahal izateko, hiru ezaugarri azpimarratuko nituzke: konpromisoa, lana eta umiltasuna. Horiek dira taldeak erakutsi dituenak", esan du Jose Manuel Loiti entrenatzaileak.
Debagoiendarren ezaugarriak
Zenbaki horietan zeresan handia izan dute bailarako bost jokalariek. Nork bere ezaugarriekin, asko lagundu diote taldeari. "Nagore zentrala da. Defentsan eta markaketan ona. Jone hegaleko jokalaria da eta oso-oso azkarra. Uxue, proiekzio handiko jokalaria eta oso trebea baloiarekin. Elenek etorkizun handia dauka eta ikasi ezin diren berezko ezaugarriak ditu futbolerako. Azkenik, Eider atezaina da. Oso indartsua, bizkorra eta lasaia". Berba horiekin deskribatu ditu bailarako jokalariak Loiti entrenatzaileak. Ezaugarri propioez gain, bostak oso "diziplinatuak" direla esan du. "Entrenamenduei etekin handia atera diete. Bilakaera handia izan dute".
23 jokalari
"Futbola maite" duten 23 jokalarirekin osatu dute taldea. Jokalari gehiegi. Astero sei geratu izan dira jokatu barik. "Handicap handia izan da jokalariendako, baina egoera onartu eta horrekin lan egiten ikasi dute. Eta ondo, gainera. Lehiakortasuna, lana, jarrera.... Urte borobila izan da", dio Loitik.