Aspaldiko lagunak diren bi abeslari aurrez aurre

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mai. 4a, 13:59

Maider Zabalegi eta Mikel Markez musikariak izango dira protagonista gaur, eguena, 21:30ean eskainiko den 'Kulturrizketak' saioa.

Oiartzungoa da Maider Zabalegi eta Errenteriakoa Mikel Markez, eta musikagintzan eskarmentu handia dute biek ala biek. Aspalditik ezagutzen dute elkar, eta noiztik eta nola gogora ekarrita hasi ziren berbetan, garai bateko Zerrajerako lantegiaren eraikineko platoan grabatu zuten Kulturrizketak saioan. "Ni Alaitzekin eta zu Jose Mari Carrererekin zeundela Errenteriako jai batzuetan ezagutu genuela elkar esango nuke", dio Zabalegik; eta, "izan daiteke bai,  baina aurrez ere bagenuen elkarren berri, kantu txapelketetan ibiltzen ginen eta", gaineratu zuen Markezek.

Gaur egun, giroa hoztu egin da

Oroitzapenen kutxan arakatuz  segitu zuten bataren zein bestearen musikagintzako hastapenak gogoratuz. "Oso naturalki irten zela oroitzen dut. Alaitzek eta biok plazetan jo nahi genuen eta horrela hasi ginen erromerietan jo eta jo", zioen Zabalegik. Markezek, berriz, 16 urte zituenean lehen maketarekin herriz herri bueltaka hasi zela kontatu zuen. "Soziologia ikastaro trinko zoragarria zen. Lehenengo aldiz Zuberora joan, han kantatu, gero hurrengoan Baztanera... Herri guztia zain izaten zen, gonbidapen asko jasotzen genituen etxera bazkaltzera joateko edo lo egiteko tokia eskainita".  

Bat zetozen, orokorrean, antolatzaileekiko harremana gaur egun hotzagoa dela. "Dena aldatu da, akaso, adinak eraginda, gu ere bai", zioen Markezek. "Hamalau urte egin ditut musikatik kanpo eta itzuli naizenean beste mundu baten aurkitu naiz: sare sozialak, webguneak... Niretzat arrotzak dira eta gogorra egiten ari zait. Funtzionatzeko beste modu bat da gaur egun", gaineratu zion Zabalegik.

Sorkuntzaz eta inspirazioaz

Berriz ere musikagintzan murgiltzeko arrazoiari buruz galdetuta aitonaren heriotza klabea izan zela erantzun zion Zabalegik: "Orain dela hiru urte galdetuz gero, ez nuela ezer jakin gura esango nizuke; baina, aitona hiltzen ari zela gitarra modu berezian hartzen hasi nintzen. Hil zen egunean, gitarra eskuetan hartu, eta kantu bat goitik behera sortu nuen. Harrezkero geratu barik nabil, eta oso argi nuen, argitaletxeen laguntzarekin edo barik, 40 urte betetakoan, diskoa argitaratuko nuela".

"Ez dakit zer, baina inspirazioa sortzen duen zerbait badago eta barrutik ateratzen diren kantu horiek, gero, bere bidea egiten dute. Zure begiek 15 urte nituela idatzi nuen; anaiak erakutsitako akorde gutxi batzuk besterik ez nekien. Maiteminduta nengoen eta maiteminari aurre egiteko idatzi nuen, une hartan ez nuen pentsatu ere egin jendaurrean abestuko nuenik", zioen Markezek, eta zera gaineratu Zabalegik: "Intuizioari kasu egin behar zaiola uste dut eta helburua barne-poza sentitzea izan behar dela, larregi begiratu barik arrakasta izango duen edo ez".    

Zuzenekoen xarma

Iraganari nostalgiaz begiratuta, kontzertuen xarmaz, sare sozialen eta Youtuberen eraginez eta musika kontsumitzeko moduez ere luze egin zuten berba. "Lan berriarekin Oiartzunen egin nuen lehenengo kontzertuan, sekula sentitu gabeko adrenalina sentitu nuen", zioen Zabalegik. "Tokatu zitzaigun nerabezaroan bizi izatea arrakasta, eta orain ezberdina da; baina ezberdina da arlo askotan", zioen Markezek, eta zera gaineratu: "Gaur egun kontzertura joan ez denak sarean du segituan emanaldi hori, nahiz eta, nire ustez, Youtubek ezin duen harrapatu zuzenekoetan sentitzen den zirrara, eta eskerrak! Ikusteko dago nora eramango gaituen horrek guztiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak