'Booktuber' izateko lehen urratsak egiteko deia

Mireia Bikuña 2017ko api. 28a, 09:10

EAEko liburutegiek eta Galtzagorri Elkarteak lehenengoz deitu dute liburuei buruzko iruzkinak eta kritikak Youtubera igotzeko aukera ematen duen Booktuberboom lehiaketa. Interesatuek urriaren 24a baino lehen aurkeztu behar dituzte lanak.

Youtuberrak gizartean barneratuta dauden garai honetan, beste kontzeptu bat dator ate joka: booktuber izatearena. Bideoak igo ordez, liburuen iruzkinak edo kritikak sarera igotzen dituzten pertsonak dira. Ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzte irakurritako liburuei buruzko iritzia emateko.

Bada, irakurzaletasuna, ikus-entzunezkoak eta Youtube baliatuz, Booktuberboom lehiaketa deitu dute, lehen aldiz, EAEko liburutegiek eta Galtzagorri elkarteak.

Besteekin konpartitzeko

Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da booktube-a; eta liburu hori gomendatzeko bere buruari bideo-grabazioa egiten dion pertsona da booktuber-a.
Hori guztiori azpikultura digital baten batzen hasi da. Alegia, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitzeko  sare eta plataforma berriak sortzen diharduten neska-mutikoak dira.

14 eta 18 urte artekoendako

Booktuberboom lehiaketa 14 eta 18 urte arteko gazteendako da. Parte hartu gura dutenek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Bideoaren iraupena, gehienez, minutu eta erdikoa izango da, eta booktuberboom.Wordpress.com helbidean dagoen izen-emate orria beteta bidali beharko da. Urriaren 24an bukatuko da epea.
Jasotako bideo guztiak Creative Commons lizentziapean argitaratuko dira, ikusleen botoen bidez, sarietako bat banatu ahal izateko. Bestea epaimahaia osatuko duten hiru adituk aukeratuko dute.

Deialdia Arrasaten

Deialdia egin ostean, eta lehiaketa sustatze aldera, hiru herritan elkartuko dira. Horietako lehena maiatzaren 5ean Arrasaten izango da, 18:30etik 20:30era arte.
Booktuber gazte batek gidatuko ditu saioak eta iruzkin bat egiteko argibide guztiak emango ditu: bideoa nola grabatu, nola berba egin komentarioa ulergarria izan dadin, testua nola idatzi gutxieneko eta gehiegizko denborara mugatzeko...
Beste bi deialdiak maiatzaren 12an Tolosan eta 19an Deustun egingo dira.

Ikastetxeetan ere bai

Irakurzaletasuna bultzatzeko duen garrantziaz oharturik, ikastetxeetan ere hasi dira fenomeno horrekin lanean. Adibidez, Madrilgo Lycee Français ikastetxean Libres como Libros plataforma sortu dute irakasleen eta ikasleen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak