Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bidalitako oharrean asteazkenean, apirilaren 26an, elurragatik Abisu Horia dagoela jakinarazi du. Elur-kota 800-1000 metrotan finkatuko da astearte gaua eta asteazken eguerdia bitartean barnealdean. Orokorrean zaparrada txikiak botako ditu baina zenbait tokitan ertainak izatera iritsiko dira, batez ere mendebaldean. Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Maila horiak arrisku neurritsua adierazten du, orokorrean biztanleentzat arazorik ez dela egongo esan nahi du, baina bai aktibitate konkretu batzuentzat.
Gaur, asteartea, eguerditik aurrera haizea indartu egingo da eta arratsalde partean trumoi-ekaitzak eta txingorra bota ditzake, tenperatura maximoak asko jaitsiko direlarik. Asteazkenean, trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra ere egin dezake. Ostegunean, Abisu Horia Arabara bakarrik zabalduko da, tenperatura baxuak izango direlako eta izotz arriskua egongo delako batez ere gau partean.