Gaur egun gero eta erabiltzaile gehiagok dute ordenagailua pertsonalizatzeko beharra. Jokoetan aritzeko zein audio edo bideo lanak egiteko nahia duten pertsonak askotan sentitzen dute txartel grafikoa, soinu txartela edota beste edozein osagai aldatu edo gehitzeko beharra. Hala ere, askotan ez dute ezagutza nahikoa beraien kabuz lan hauek egiteko edo ez dira osagai hauekin esperimentatzera ausartzen, nahiz eta prozesua nahiko samurra den.
Honetan pentsatuz, Topiclist errumaniarrak PC Building Simulator izeneko simulatzaile bat garatu du PC baten osagaiak nola muntatu ikasteko, izenak dioen bezala. Simulatzaile honetan aurrekontu bat ezartzen da eta aurrekontu horren arabera ordenagailuko osagaiak aukeratzen dira. Osagai hauek aukeratzerako orduan prezio eta errendimenduaren arteko erlazioak ikasteko aukera dago, jarritako osagaiaren errendimendua neurtu eta frogak egiteko aukera izanik. Ondoren, 3D ingurune batean osagai hauek muntatzen eta kable bidez konektatzen dira. Errealitatean gertatzen den bezala, osagai bakoitzak bere slot propioa du instalaziorako eta osagaien arteko interakzioak zehatzak dira, simulazioa ahalik eta errealena egiteko.
Ordenagailu baten muntaketa prozesua erakusten duen tutorial bat dakar bere barruan, lan hauetan beraien lehen pausuak ematen ari diren horientzat baliagarria dena, osagai bakoitzaren ezaugarriak eta hauek muntatzeko prozesua pausuz pausu azaltzen baitu. Simulatutako osagaiak gaur egun merkatuan dauden osagaietan oinarrituak daude eta honek balio didaktikoa gehitzen dio, osagai desberdinekin lan egiteko aukera ematen baitu hauek erosi gabe.
Jokoa doan jaitsi daiteke eta momentuz pre-alpha egoeran dago, hau da, oraindik bukatu gabe. Hala ere, orain arte egindako garapen guztia jaisteko aukera dago eta garatzaileak osagai berriak gehitzen joateko konpromisoa azaldu du garapenaren egunerokoa kontatzen duen blogean.