Oihana Arana: "Nire burua harritzera joango naiz finalera"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mar. 31a, 09:19

Oihana Arana.

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko finala Azpeitian jokatuko da domeka honetan, apirilaren 2an. Zortzi bertsolarik abestuko dute bertan, eta Debagoienetik bi izan dira sailkatu direnak: Urko Arregi oñatiarra eta Oihana Arana eskoriatzarra. 15 urteko bertsolari eskoriatzarra "pozik eta gogotsu" dago finalerako, eta irabazteko gogoz azaldu da.

Eskolarteko finala jokatuko duzu domekan; gogotsu?

Gogotsu nago. Espero nuen gauza bat da, baina urduri nago, alde batetik; izan ere, nire lehen finala izate horrek urduritasuna sortzen dit. Bestalde, lagun artean kantako dugunez, lasaitasuna ere ematen dit.

Lehen finala, baina hainbat plazatan hainbat bertso kantatutakoa?

Kantatu izan dut plazan, baina txapelketetan inoiz ez naiz gailendu eta aurten finalera noa; beraz, esperientzia berri bat… Taldekako batean izan nintzen, baina bakarka egingo dudan lehenengoa da.

Zure ahizpa Haizea ezin izan da sailkatu; penaz?

Altzon jokatu zen kanporaketan geratu zen, eta pena da, baina azken batean, azken entrenamenduetan asko laguntzen dit, eta modu bat izango da bertan ere egon dadin.

Gipuzkoako txapeldunak eta txapeldunordeak ekainaren 10ean Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko aukera izango dute; hori lortzeko helburuarekin?

Nire helburua, txapelketan, nire burua harritzea da, zertarako kapaz naizen jakiteko. Irabazten badut, ondo, eta ez badut irabazten, ere bai. Eskolarteko txapelketa gozatzeko plaza da, presio barik aritzeko eta lagunartean disfrutatu beharrekoa.

Finalak, beti final; geratu zara inoiz zer esan ez dakizula?

Egia esan, ez daukat oroitzapen txarrik isilik geratu izanarena. Behin edo behin trabatu-eta egin izan naiz, baina beti jarraitu izan dut bertsoarekin. Espero dut oraingoan ez gertatzea…

Zortzi finalista; nor da faborito?

Finala arraro geratu da. Ez genuen inork hala geratuko zela pentsatzen.

Zein ezaugarri behar dira bertsolari ona izateko?

Lasaitasuna da beharrezkoena, eta zure burua kontrolatzea trankil egonda. Izan ere, eserita zaude, jende askoren aurrean… kontzentrazio puntu batera heldu beharra dago.

Zein arlotan ikusten duzu zure burua ondoen?

Bakarkakoan hobea naizela esango nuke, baina txapelketan, kanporaketa fasean, hobeto aritu naiz ofizioka.

Txikitatik bertsoen inguruan murgilduta; hala ere, bertso eskolan aritzea beharrezkoa da?

9 urterekin hasi nintzen bertsotan Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan, eta han segitzen dut. Eskoriatzako Hankamotx bertso-eskolan, berriz, eskolak ematen ditut. Beharrezkoa dela uste dut, eta, bertsotan egiteko, egin egin behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak