Mugimenduak aurten hogei urte bete ditu eta azken urteetan izan duen bilakaera aztertzen aritu da. Besteak beste, bazkideengandik jasotako datuek diote hamar urteotan 600 boluntario gehitu direla Euskaltzaleen Topagunera. Hala, gaur egun, 20.000 bazkidek eta 2.000 boluntariok osatzen duten mugimendua.
Lankidetza indartu etorkinen elkarteekin
Datozen urteetan Euskaltzaleen Mugimenduak "lankidetza indartuko du etorkinen elkarteekin" eta "hizkuntza praktika berriak hedatuko dituzte elkarrekin, herriz-herri antolatuko diren dinamiken bidez". Halaber, "kulturgintza suspertzeko sormen eskolen bidea sustatuko du" eta gazte euskaltzaleen mugimendua indartzeko, Arabako gazte euskaltzaleek hasitako bideari lagunduz jarraituko du mugimenduak, gainontzeko lurraldeetan antzeko dinamikak bultzatuz.
"Euskarak 365 egun"
Hain zuzen ere hori da, euskararen erabilera handitzeko 2017an eta datozen urteetan Euskaltzaleen Topaguneak landuko duen proiektu nagusia. Bide horretan, "hizkuntza praktikatan eragiteko ekimenak herriz herri hedatzea izango da lehentasuna".
2016 emankorra
Urteko Batzar Orokorrean iazko jarduera eta diru kontuak eta 2017rako plangintza eta aurrekontua landu dira. 2016ari dagokionez, diote "emankorra" izan dela eta "ohiko jarduerari eusteaz gain, hainbat ekimen berri gauzatu" direla.