Elorregin bainurako eta aisialdirako gune bat egokitzea aztertzen dihardute

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 24a, 16:28

Elorregi auzoan aisialdi gunea egiteko proposamena igorri zuten auzoko elkarteko kideek, Arrasateko hainbat eragileren babesarekin. Gaur egun makalak dauden lekua garbitu eta Oñati errekako presatxoan bainurako gune bat jartzea da eskatu dutena.

“Badirudi Udalak zein eragileek ondo hartu dutela gure proposamena”, dio Elorregiko elkarteko presidente den Andoni Larrañagak.

Arrasateko Udalean Ingurumen mahaia osatu zen urrian, Udalaren jabetzako landa guneetarako proposamenak aztertu eta lantzeko. Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, Besaide Mendi Elkarteak, Naturtzaindia Elkarteak, SUDCek, San Prudentzio elkarteak, Ekologistak Martxanek, Arrasate Zientzia Elkarteak eta Zero Zaborrek osatzen dute mahai hori.

Bada, bertan landu den gaietako bat Elorregiko elkartekoek egindako proposamena da, zeinetan eskatzen duten auzoko makaldia txukuntzea eta Oñati errekako presan bainurako gune bat egokitzea. Horretarako ez litzateke obrarik egin beharko, izan ere, erreka bainurako egokia da, eta bertarako sarbidea, hau da, egungo makaldia, txukuntzea izango litzateke egin beharrekoa.

Erabilera publikoko gunea

Makaldia edo txopera Arrasateko Udalaren jabetzakoa da, eta bertako makalak ere Udalak landatutakoak dira. Orain eskatu dutena da zuhaitz horiek kendu, bestelako batzuk landatu eta bertan mahai batzuk jartzea, hartara "erabilera publikoko aisialdi gune bat" izan dadin.

“Makal horiek kenduta auzoak beste itxura bat hartuko luke", dio Larrañagak. Gainera, Elorregiko elkarteko presidenteak dio egunero jende ugari pasatzen dela auzotik, izan autobus geltokiaren erabiltzaileak edo izan pasioan dabiltzanak. Gainera, bidegorria izanik, Bergara, Oñati eta Arrasatetik etor daitezkeen herritarrendako eskura egongo litzatekeen gune bat dela azpimarratu du, eta auzoari "bizia" emango liokeela.

Hala, Ingurumen mahaian gaia lantzen hasia dira, eta orain Udalak Ura agentziari igorri dio planteamendua, bideragarria den ala ez esan dezaten. Hortaz, bultzatzaileak hurrengo pausuen zain daude orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak