Hamalau urte bete ditu aurten Laburbira zine zirkuitu ibiltariak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu zuen, euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutarazteko helburuarekin.
Askotariko gai eta generotako lanak
Ordu eta laurdenean, zazpi film labur eta Euspot euskarazko iragarkien lehiaketako bost edizioetako iragarki onenekin osatutako bilduma ikusteko aukera dago oraingoan. Film laburretan eskaintza zabala da: Nafarroako azken saskigileetako bati buruzko dokumentala; hogei euskal artista gazteren artean zuzendutako animaziozko film kolektiboa; bizilagunen arteko misteriozko istorioa; hizkuntzen arteko bizikidetzari buruzkoa, eta sukaldaria izan nahi duen gaztearen kontakizuna daude, horien artean. "Elkarren arras ezberdinak dira, kontakizun, genero eta irudi aldetik. Komunean duten bakarra, euskara hutsean direla. 2015 eta 2016. urteetan egindakoak dira", dio Leire Lardizabalek, Euskaltzaleen Topaguneakoak.
Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arteman Komunikazioak 2012. urtean sortu zuten Euspot lehiaketa. "Topaguneak kudeatzen duen Durangoko Azokako Irudienea gunean eskaini genuen bilduma bera".
Arrasatear bat, egileen artean
Eskainiko duten filmetako egileen artean dago Ane Zuazubiskar arrasatearra; UDA Films taldeko kidea dela kontatu du. "Iaz, Huhezinema jaialdian aurkeztu genuen eta sukaldari izan nahi duen gazte baten istorioa kontatzen du; ez da oso abila, baina irratian entzungo duen zerbaitek emango dio konponbidea. Iaz martxoan grabatu genuen, arratsalde bakarrean guztia. Lekeitioko Zine Bilerara bidali genuen gero, eta Gazte 22 saria irabazi zuen. Iazko Laburbira-n beste lan batekin izan ginen; guretzat, pribilegio izugarria da ekimen honetan egotea".
Ikusleendako lehiaketa
Emanaldiak ikustera hurbiltzen direnen iritzia jaso gura dute antolatzaileek; eta iritzia ematearen truke, nekazaritza turismo baten egonaldia irabazteko zozketan parte hartuko dute. Dagoeneko zabalik dago parte hartzeko aukera Kameratoia.eus webgunean.
Film laburrak, iragarkiak eta egileak
- Azken saskia, Oier Fuentes.
- Beti bezperako koplak, Ageda kopla taldea.
- Ihesa, Alejandro Diaz Castaño.
- Elemakarrak, Ibon Iza Totorika.
- Jalgi, Eki Pagoaga.
- 280º, UDA films.
- Hileta, Kepa Sojo.
- EUSPOPT lehiaketako spot onenak. Bost ediziotako lan irabazleak eskainiko dituzte: Merkataritza eta euskara (2012); Sare sozialak eta euskara (2013); Pintxo-potea eta euskara (2014); Autoak eta pertsonak (elkarbizitza orekatua) (2015); Turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera (2016).