Gaur hasiko da Gipuzkoa Encounter

Jokin Guridi 2017ko mar. 17a, 13:51

Asteburuan zehar luzatuko den ekitaldi honek teknologiaren, jokoen, software librearen eta arte digitalaren zaleak bilduko ditu Tolosako Usabal kiroldegian asteburu osoan zehar.

Gipuzkoa Encounter ordenagailu zale eta profesionalek beraien esperientziak eta bizipenak elkarbanatzeko bilera zabala da. Hiru egunetan zehar informatikarekin lotutako ekintzetan murgiltzeko aukera dute parte hartzaileek eta aurtengoa hamaikagarren edizioa izango da. Beraz, dagoeneko zale hauen agendatan finkatu den data horietariko bat bihurtu da zalantza gabe. Aurtengo ediziorako 400 leku jarri zituzten eskuragarri antolatzaileek eta guztiak agortu dira.

Esku hutsik joatea posible den arren, antolatzaileek ez dute hau gomendatzen ekintzatan parte hartzeko aukera gutxiago daudelako eta helburua ahalik eta ordenagailu gehien biltzea delako. Izan ere, norberak eraman behar ditu nahi dituen gailuak eta hauek konektatzeko beharrezkoa dena, entxufe bakarra eta sare lokaleko konexioa soilik eskaintzen baitute antolatzaileek. Hala ere, 10 Gb/s-ko konexioa ere izango dute eskuragarri parte hartzaileek.

Hiru egun hauetarako egitarau mardula osatu dute antolatzaileek. Joko lehiaketak egongo dira, horrelako ekimenetan ohikoak diren moduan, baina baita bestelakoak ere. Sorkuntzarekin erlazionatutako ekintzen artean adibidez, fast music, fast 2D, fast 3D eta wild compo bezalako ekintzetan parte hartzeko aukera izango da. Hardwarearekin erlazionatutakoen artean, 3D inprimaketa, hardawe gaming tailerra, droneak eta OC School lehiaketa izango dira besteak beste eta Softwarean aldiz, Hack it / Solve it lehiaketa eta software librearen gymkana izango dira. Hauetaz gain, era askotariko beste jarduera batzuk ere izango dira. Adibidez, plastilinazko panpinak, origamia, prezio zehatza, patata beroa, cosplay eta CD eta DVD jaurtiketa.

Ekintza guzti hauetan izena emana duten pertsonek bakarrik parte hartu ahal dezakete baina bada beste gune bat, Open Gune, non hitzaldiak, tailerrak eta mahai jokoak izango diren. Hitzaldietan teknologiarekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte, besteak beste, zibersegurtasuna, datuen inteligentzia, botak, 3D, e-games eta internet bidezko salmenta bezalakoak. Tailerren kasuan aldiz, robotak, sorkuntza musikala eta umeentzako programazioa bezalakoak egongo dira. Hauetaz gain, Eztabaida Friki-Absurdoko II. Liga ere jokatuko da, "friki ospetsuentzat eta open minded humanoideentzat" zuzendutako ekintza antolatzaileen esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak