Oparitu dizute zurea?

Ubane Madera 2017ko mar. 17a, 07:59
Koldo Gaztelu eta Rakel Perez de Arenaza karapaixo egin berriekin, Askasibar baserrian.

Sasoikoa da. Bertakoa. Tradizionala. Eta antzinakoa. Hiruki itxura du, arrautzak ertzetan eta txorizoak erdian. Karapaixoa da hori –garapaioa, garipaua, mokotza, amatxiki-aitatxiki opila, Pazko opila…–, azken urte luzeetan garizuman –Hausterre Egunetik Pazko-domekara arte– ama-aita pontekoek besoetakoari oparitzen dioten ogi opila; batzuetan, ezkondu arte; beste batzuetan, berriz, ama-aita pontekoak hil arte.

Usadio indartsua da Debagoienean. Leintz ibarrean, bereziki –Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Aramaio– eta Oñatin. Azken herri horretan, gainera, indar handia hartu du karapaixo gozoa oparitzeko ohiturak, inguruan ere hedatzen dabilena. Bestalde, Bergaraldean ere badute karapaixoa oparitzeko ohitura, txikiagoa izan arren; Elgetan, esaterako, garipaua esaten diote.

Kontuak kontu, horren jaki preziatua balioan jartzeko Karapaixo Eguna antolatu dute, lehen aldiz, Arrasaten. Debagoieneko Mankomunitatea, Debagaraia Debagoieneko landa garapenerako elkartea eta Arrasateko Udala daude antolatzaileen artean. Bihar, zapatua, izango da, eta Arrasaten ohiturazkoa den baserritarren azoka baliatuko dute; "Txakolin Eguna, Erle Eguna… antolatu izan diren moduan, orain Karapaixo Eguna antolatzea erabaki dugu, karapaixoa balioan jartzeko", esplikatu du Ana Herizek, Mankomunitateko turismo teknikariak.

Saldu eta erakutsi

Bi modutara egingo dute hori: batetik, baserriko bestelako produktuekin batera karapaixoak  ere salgai izango dira –azokari buruzko informazio gehiago 9. orrian– . Haiek erosteko aukeraz aparte, enkargatzeko aukera ere izango da, besteak beste, Aretxabaletako Etxezuri baserrian eta Arrasateko Askasibar baserrian egindakoak, azokan bertako nekazariek ipiniko dute-eta postua.  

Bestetik, karapaixo tailerra egingo dute; Askasibar baserriko Rakel Perez de Arenaza nekazariak gidatuta, kasu honetan. "Arrautzaz eta txorizoz egindakoak izango dira; bertako baserrietako produktuz egindakoak, gainera: irina gurea, Askasibar baserrikoa; txorizoak Enuzketakoak eta arrautzak, ekologikoak, Azkoagarenak. Labea eramango dute, egurrezkoa, eta 11:30ean hasiko gara. Oso puntual hasi behar dugu, ze tenperaturak eta denborak eragin handia du emaitzan, eta hori oso ondo zaindu behar dugu. Guk, berez, fermentatutako orea erabiltzen dugu, azkarri edo legamia bakoa. Eta ore hori zelan egiten dugun erakutsiko dugu tailerrean, baina oso prozesu luzea da –bezperan hasi behar izaten da–, eta, azokan karapaixoak egin ahal izateko, etxetik eginda eramango dugu orea. Izan ere, asmoa da karapaixoak egiten erakusteaz gainera, tailerrean parte hartzen dutenek amaitzean karapaixotxo bat etxera eramatea. Tailerra, beraz, 11:30ean hasiko dugu, 12:30ean sartuko ditugu karapaixoak labera eta 13:00etan aterako ditugu labetik; 15-20 lagunendako lekua izango da", esplikatu du Rakel Perez de Arenaza nekazariak.

Hainbat opil mota

Biharko tailerrean karapaixo tradizionala egiten erakutsiko dute. Baina hainbat karapaixo mota daude. Tradizionalen artean, esaterako, sagar erreak zituena ere izaten zen –negua izanda, arrautzak garestiegiak zirelako garai batean– ; eta bizkotxozkoak txokolatezko arrautzekin –edo txokolatezko untxiekin, gominolekin…– indartsu sartu dira azken urteotan.  

 



Karapaixoa: kristo aurreko ohitura

"Gizarteak naturarekin beste lotura bat zeukan sasoi hartatik dator karapaixoa, kristautasunak mundu osoko bestelako erritoak bereganatu dituen moduan, hau ere bereganatu zuen, eta horri esker mantendu da ere bai. Baina antzinarora jo behar dugu jatorriaren bila. Karapaixoak adierazten diguna da udaberria hastera doala eta eskatu behar dugula uzta oso emankorra hurrengo urteko negu gogorra pasatu ahal izateko", esplikatu du Arantza Otaduyk, Iraganeko Oinatzak Jakintza eta Zientzia elkarteko historialariak. "Euskal Herri osoan dago udaberrian-Garizuman-San Jose egunaren bueltan entregatzen den opil bat: badaukagu hemen karapaixoa, mokotza durangaldean, amatxiki-opila Nafarroan, Ranzonbil arabaldean… Eta lurralde guzti-guztiek dute horrelako bat. Baina Penintsulan ez da bakarrik gure lurraldera mugatzen. Katalunian oso ezaguna den Mona de Pascua jatorrian ere ogi betea zen, nahiz eta gaur egun txokolatez, pastelaz-eta egin; Asturiasen ere jaten dute Garizuman horrelako ogia eta Grezian ere Kulorakis edo antzeko izena daukan beste opil bat banatzen da sasoi honetan kontzeptu bera mantenduta: udaberria, ugaltzea, jaiotze berri bat… negua bukatu da eta goazen bizitzaren ziklo berri bati hasiera ematera".

Formaren esangura

Bestalde, karapaixoaren formak eta osagaiek ere esangura berezia dutela kontatu du Arrasateko historialariak. Formari dagokionez: "Gaur egun ezagutzen dugun karapaixoak hiruki forma dauka kristautasunaren Jaungoiko gorenak hiru izaera desberdin dituelako; trinitatea, bestela esanda. Baina inguruko bestelako opilak ikertuta, asko borobilak dira. Forma horrek lotura du edo zirkuluarekin –eguzkia irudikatzeko– edo zirkunferentziarekin –denboraren igarotzea irudikatzeko, urtaroen zikloak, karapaixoari dagokionez, ziklo berria datorrela: udaberria–".

Osagaien sinbologia

Osagaiei dagokienez, berriz: "Arrautza zaharrak edo haien oskolak lurrarendako ongarri moduan oso erabiliak izan dira ortuetan; arrautzak propietate piloa ditu, oskolak, bereziki kaltzio asko, eta hori ortuetan oso erabilia izan da. Arrautzatik hasiko dira kultura askotako lehenengo jainkoak; beraz, hazia edo bizitzaren sorrera adieraziko du eta horregatik sartuko da eguzkiarekin lotutako opil horretan bizitzaren hazi hori (…) Eta txerrikia txertatzen da adierazteko aberastasuna, eta udaberriarekin etorriko den oparotasun hori maite duzun norbaiti eskaintzeko. Txerrikiari esker, hurrengo urteko negu gogor hori uzta oso oparotsuari esker pasatu ahal izango dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak