Bertsozaleak eta bertso eskolako ikasleak ere badira Arizmendi Ikastolako Almen guneko Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Gay ikasleak; eta bertsogintzaz duten egarria asetzeko asmoarekin proposatu zuten Jokin Bereziartua aurkezlearekin batera gidatu zuten Galdegazte saioan Miren Amuriza elkarrizketatzea.
Bertsolari rolaz harago ere bai
Bertso kontuek hartu zituzten, bada, solasaldiko minutu gehienak; hala ere, Amurizaren beste alderdi batzuk haren ahotik ezagutzeko aukera ere aprobetxatu zuten. Berrizko bertso eskolan irakasle jarduteaz gainera, enkarguzko askotariko idazlanak egiten dituela kontatu zien Amurizak. Pirritx eta Porrotx pailazoendako kantuak idazten dituela, baita Berria egunkarian egunero iritzi-zutabe bat ere. "Eguneroko gertakariak adi jarraitzea ezinbestekoa dut eta horregatik eramaten dut poltsan beti koaderno txiki bat, ikusten eta entzuten dudan guztia apuntatzen dut han".
Abizenaren zamaz galdetuta, honako hau erantzun zien Amurizak: "Adinarekin asko ikasi dut; hala ere, ezer badaukat nire abizenari buruz, eskertzekoa da guztia. Plazetan hasi nintzenean sarritan deitzen ziguten aitari eta bioi elkarrekin saioa egiteko. Horrek bidea zabaldu zidan, baina sentitu dut batzuetan nire jarduna gogor defenditu beharra".
Profesionalari aholku eskean
Oholtzaren gaineko sentimenduez eta bertsolaritzan dituen helburuez galdetzeaz gainera, aholku praktikoak emateko eskatu zizkioten: "Gure buruan dago epailerik handiena eta urduritasunari aurre egiteko beharrezkoa da hori isilaraztea. Hasiberri direnei esango nieke pentsatzeko une horretan dituzten beldurrak profesionaltzat dituzten bertsolariek ere sentitu izan dituztela. Horiek bezala, denborarekin, hasiberriek ere gaindituko dituzue. Aurrera!".