Xabier Peñagarikano: "Plazan, jende aurrean, puztu egiten gara"

Xabier Urtzelai 2017ko ots. 24a, 12:58
Xabier Peñagarikano, domekan Oñatin. Argazkia: Imanol Soriano.

Xabier Peñagarikanok garbi du afizioa ezin duela ofizio bilakatu "harriak ez duelako dirurik ematen", baina 22 urteko gazte horrek gustua hartu dio plazetan ibiltzeari. Hori bai, urrun ikusten ditu herri honetako harri-jasotzaile handiek egindako markak. 

Zer dela-eta harria jasotzen? 

Berandu hasi naiz, urte eta erdi baino ez daramat eta oraindik asko dut ikasteko. Lagun batzuei entrenamenduetan laguntzen hasi nintzen, eta halaxe probatu nuen kirol jarduera hau. Eta, konturatu orduko zaletu egin naiz. 

Urte eta erdian aurrerapausoak egin dituzu. 

Bai, iaz Gipuzkoako Txapelketan izan nintzen. Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, etaIñigo Eizagirre izan nituen kontrario, eta azkeneko postuan sailkatu nintzen, berde iritsi nintzen txapelketara.

Bada, domekan Eizagirre menderatu zenuen. 

Entrenamenduak emaitzak ematen ari diren seinale. Gainera, gustura ibiltzen naiz plazan. Hustu egiten naiz bertan, denak ez daude gertu lan hori egitera baina ni gustura ibiltzen naiz. Gainera, plazan puztu egiten gara.

Badira ondo entrenatzen direnak, baina plazan onena ematen ez dutenak.  

Bada, etxean lanak egiten dituenak, eta gero plazan erakusten ez dituenak, ez du askorik egiten. Etxeko lana, etxean geratzen da. Hori bai, plazan helburuak lortzeko aste barruan gogor egin behar da lan.

Zer eskatzen diozu harri-jasotzeari? 

Afizio moduan hartu dut, eta egia esan, ez diot askorik eskatzen, gustura nabil. Lantegian egiten dut lan, fisikoki ez dut lan gogorra eta ondo entrena naiteke. Zaintzen ahalegintzen naiz, ondo jaten, baina gehiago ez. Gehiago dakitenek gomendioak eta halakoak ematen dizkidate, baina ez dut entrenatzailerik edo jatekoa kontrolatzen nauenik.

Lau harrirekin jarduten duzue, eta bola duzu gogokoen? 

Bai, bolarekin moldatzen naiz ondoen. Orain hasi naiz errektangularrarekin serioago entrenatzen, teknika menperatzeko lanean. Baina, gorpuzkeraz handia naiz, eta errektangularra hartzeko asko makurtu behar izaten dut. Gogorragoa egiten zait.

Hainbat harri-jasotzaile gipuzkoar aipatu dituzu. Euskal Herriko gainontzekoekin alderatuta, non gaude? 

Esango nuke hemen dagoela afizio handiena, eta erreferente direnak ere bertan batzen direla, Gipuzkoan. Guztira 15 lagun inguru ibiliko gara hemen harria jasotzen. Iazko txapelduna, esaterako, ondarrutarra izan zen, Inhar Urruzuno, baina gehientsuenak Gipuzkoan gaude.

Eta, urrun ikusten dituzu garai batean Perurenak edo Saralegik ezarritako markak? [2001ean lortu zuen Mieltxo Saralegik errekorra, 329 kilo jasotzea].

Oso urrun, horregatik dira errekorrak. Eta, uste dut denboratxo batean halaxe jarraitu behar dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak